Fiskalak hemeretzi eta zazpi urteko kartzela zigorrak eskatu ditu Zulueta eta Agirrerentzat
2010ean atxilotu zituzten bederatzi lagunen aurkako eskaerak zehaztu ditu fiskalak. Presoen abokatuak eta presoen aldeko lana egin zutenak daude; tartean, Arantza Zulueta abokatu presoa.
Espainiako Auzitegi Nazionaleko Jose Perals fiskalak egin ditu eskaerak: hemeretzi urte Zuluetarentzat (Lekeitio), hamabi Jon Enparantzarentzat, 11 Naia Zuriarrainentzat eta Julen Zelarainentzat, hamar Iker Sarriegirentzat, bederatzi Joxe Domingo Aizpuruarentzat, eta zazpina Saioa Agirre (Aulesti), Juan Mari Jauregi eta Nerea Redondorentzat.
2010eko apirilean egin zuten polizia operazioa, eta 2014ko uztailean auzipetu zituzten hiru abokatu (Zulueta, Enparantza eta Sarriegi) eta beste zazpi lagun. Orain, fiskaltzak Halboka taldekoak izatea egotzi die; hau da, ETAren eta EPPKren arteko “lotura” egitea, eta, beraz, “erakunde terroristako kide” izatea. Zuluetari arma eta lehergaiak edukitzea ere leporatu diote.
Auzipetutako gehienek presoen eskubideen aldeko lanean jarduten zuten.
Testua: Berria.