Ondarroako Berdintasun Sailak eta Emakumeentzako Jabekuntza Eskolak antolatuta, bi ikastaro egingo dira egunotan Etxelilan.
Alde batetik, barikuan [apirilak 22] argazkilaritza ikastaroagaz hasiko dira. Ikastaroan, besteak beste, argazkigintzaren tekniken oinarriak ikasteaz gain, kolektiboan lan eginda argazki lan bat egiten ahaleginduko dira. “Egun irudiak duen pisua zein den ikusita, beharrezkoa da emakumeok ere medio hau gureganatzea. Argazkiak adierazpenak egiteko erabiltzea edota espresiorako bide bezala erabiltzea izango da ikastaro honen helburuetako bat”.
Argazki kamera bat
Itziar Bastarrika Madinabeitia argazkilari oñatiarraren eskutik,
apirilaren 22tik maiatzaren 13ra bitartean, barikuero, egingo da ikastaroa, 17:00etatik 21:00etara, Etxelilan. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, ikastaroan parte hartu ahal izateko ez da beharrezkoa argazkilaritzari buruzko ezagutzarik izatea. Hori bai, bertan parte hartu ahal izateko
beharrezkoa da argazki kamera bat eramatea. “Argazki kamerarik ez baduzu, lasai. Mugikorrarekin ere posible izango da eta”.
Bestalde, zapatuan [apirilak 23] eta domekan [apirilak 24] beste ikastaro bat egiteko aukera ere egongo da. Tontxu Ruiz de Larrinaga Ruiz de Ocenda goi mendi eskolako begiralearen gidaritzapean, Orientazioa mendian tailerra egingo da, 09:00etatik 15:00etara.
Boga! mendi martxa. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Ikastaroaren helburua, hain zuzen ere, etorkizunean
mendiarekin eta naturak eskaintzen dituen onurekin emakume gehiagok gozatzea da. “Garrantzitsua da kirolak eskaintzen dituen aukerak erabiltzea. Kasu honetan, naturari eta mendiari lotuta, pertsonak hezi eta baloreak zabaltzeko: aurreiritzi eta estereotipoak gainditzen dituzte balore berdinzaleek”.
Ikastaroan egingo diren saio teoriko praktikoen bidez, mendiko orientazioaren ikuspegia eta mendian autonomo izateko bidea errazten duten tresna orokorrak ezagutzeko aukera egongo da. Hala nola, mapa bat zelan interpretatu eta irakurri, iparrorratzaren oinarrizko erabilpena ikasi, inguruarekiko errespetauren garrantzia landu eta orientazio teknikak zeintzuk diren ikasi ahal izango dira.
Antolatzaileek gogorarazi dutenez, ikastaro batean zein bestean
aurretiaz eman beharko da izena honako lekuetan: Etxelilan, –Artibai 3, 2.pisua; 94-613 40 08– edo udal berdintasun sailean –Musika plaza z/g; 94-683 36 70).