Lea-Artibaiko Berbalagunen eta AEK euskaltegiaren jaialdia, zapatuan
Markina-Xemeinen ospatuko dute jaia Berbalagun egitasmoan parte hartzen ari diren eskualdeko herritarrek eta AEK-ko euskaltegietako ikasleek.
Urtero egiten dute ekintzaren bat elkarlanean, eta aurten egun osoko jaialdia prestatu dute. Gainera, herritarrei ekitaldieetan parte hartzeko dei egin diete: “Gonbidapena luzatzen diegu herritar denei; ikasleentzat ere oso aberasgarria da jende desberdinekin euskaraz berba egiteko aukera izatea”.
10:30ean, Uhagoneko kideen eskutik, udalerritik bisita gidatua eginez hasiko dute eguna. Gero, Uhagonen hamaiketakoa janez indarrak hartu, eta poteoan ibiliko dira tabernaz taberna.
14:30ak aldera Uhagonen bazkalduko dute. 10 euro ordaindu behar dira bazkarira joateko, eta bihar da izena emateko azken eguna. Markina-Xemeingo AEK-n eman behar da izena (Urbitarte Kalea, 11): 946 167 597.
Bazkalostean, jokoak egingo dituzte Zelaian. Eguraldia lagun ez badute, baina, Plaza Barriko arkupean ariko dira jolasean.
Ondoren, arratsaldea musikaz girotuko dute. 18:30ean hasita, DJ Elepunto ariko da Uhagonen.