Asteburuan GRAVNI txapelketako finalaurrekoak jokatuko dira, eta horien artean, domekan [apirilak 24],
Bizkaiko eta Iparraldeko selekzioek partida garrantzitsua jokatuko dute Mutrikuko Miruaitz frontoian, zesta-punta modalitatean. Finalaurrekoak 10:30ean hasiko dira, eta sarrera doakoa izango dela gogorarazi dute.
Bi selekzioek, hain zuzen ere, datorren astean Gipuzkoaren aurka aritzeko txartela lortzen ahaleginduko dira. Roberto Lekue Bizkaiko zesta-punta hautatzailearen ustez,
lehia “erabakigarria” izango da. “Mutrikuko pilotalekua berezia da, nahikoa txikia, eta ezaugarri hori gure mesedetan izan daitekeela uste dut. Gure asmoa, finalerdietan irabazi, eta finalerako txartela lortzea da. Iparraldeko taldea oso aurkari gogorra da, eta gazte eta nagusi mailan ondo jokatuz gero, irabazteko aukera handiak izan ditzakegu”.
Mutrikuko Miruaitz frontoia
Kantxara irtetzen lehenengoak gazte mailakoak izango dira. Iparraldeko bikotearen aurka Markina-Xemeingo eskolako Gotzon Mandiola eta Berriatuko eskolako Jon Ruiz ariko dira, eta 22 urtez azpiko kategorian, ostera, Berriatuko eskolako Julen Iriondo eta Markina-Xemeingo eskolako Jon Mandiola ariko dira. Azken kategoria horretan irabaztea ez dela behar erraza izango nabarmendu du Lekuek. «Iparraldeko selekzioak 22 urtez azpiko bikote oso lehiakorra du. Munduko txapeldunak dira, eta horien aurka irabaztea ez da behar erraza izango, baina irabazteko ahalegin berezia egingo dugu».
Azkenik, nagusi mailan, Iparraldearen aurka Berriatuko eskolako Antxon Alberdik eta Roberto Lekuek defendatuko dituzte Bizkaiko koloreak.