Asteon, aurreko astean baino askoz antxoa gehiago porturatu dute Ondarroan. Kalare Deuna kofradiako arduradunek igorritako datuen arabera, astelehenetik [apirilak 18] gaur [apirilak 21] bitartean, baxurako ontziek
1.010 tona deskargatu dituzte. Hain zuzen ere, Kantauri itsasoan antxoa deskarga gehien eduki dituen portua izan da egunotan.
Arraina, gainera, kostaldetik oso hurre harrapatu dute. Egunotan, Pasaia eta Donostia bitartean ontzi asko sareak botatzen ikusi ahal izan dira, bata bestearen ondoan.
Arrantzaleak antxoa kaxak karriatzen
Antxoaren tamainari dagokionez, denetarikoa ikusi da bentan, baina, oro har, txikia lehorreratu dute gehien. Tamaina txikia eta kopurua oso handia izan direla kontutan edukita, arraina nahikoa merke saldu da bentan;
bataz beste, 1,74 euroan saldu da kiloa.
Gaur [apirilak 21], esate baterako, antxoa deskargatzen aritu diren
ontzi kopurua handia izan da. 50 ontzi baino gehiago ari dira deskargatzen egunotan, euskaldunak, kantabriarrak, asturiarrak eta galiziarrak, esaterako. Goizean goizetik hasita, moilan arrantzaleen eta erosleen joan-etorri handia izan da, eta bentan, esate baterako, arratsaldeko lehen orduetara arte etengabe antxoa beste hainbat arrain saltzen aritu dira. Guztira,
345.000 kilo baino gehiago saldu dira, eta, bataz beste, 1,53 euroan saldu da kiloa.
Baxurako arrantzaleak antxoak eskuetan
Aurreko egunetan ere, antxoa
erritmo handian deskargatu dute. Atzo [apirilak 20], esaterako, deskargatutako kopurua oso handia izan zen. Orotara, 450.000 kilo saldu ziren, eta kiloa, bataz beste, 1,64 euroan saldu zen. Martitzenean [apirilak 19], ostera, 180.000 saldu ziren, 2,01 euroan kiloa, bataz beste; eta astelehenean [apirilak 18] beste 35.000 kilo antxoa saldu ziren, bataz beste, 2,82 euroan kiloa.