Astelehenetik [apirilak 25] aurrera eta maiatzaren 1era bitartean, Zabiel Kultur Etxeko erakusketa aretoan iaz Mutrikun taldeka egindako oihalak egongo dira ikusgai, 18:00etatik 20:30era.
Erakusketa egunetan, gainera, Gure Esku Dagokok
materiala erosteko eta bazkide egiteko aukera ere egongo dela jakinarazi dute dinamikako kideek.
Mutrikuko Gure Esku Dago dinamikako kideek, gainera, beste ekintza bate ere egingo dute hurrengo egunotan. Hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko
adierazpena osatu eta adostu nahi dute herritarrekin. “Aurtengo gure erronkak erakusketa eta adierazpena osatzen izango dira, baina horretarako herritarron eskuhartzea ezinbestekoa izango da”.
Mutrikuarrak iaz Donostiako oihal kalejiran. Argazkia: Mutrikuko Gure Esku Dago
Ekintza horretan parte hartu nahi dutenak
apirilaren 30ean, 12:30ean, Zabiel Kultur Etxean batuko dira. “Adierazpenaren oinarria hauxe izango da: herri bat gara, erabakitzeko eskubidea dugu eta herritarron garaia da. Oinarri hau abiapuntutzat hartuta, erabakitzeko eskubidearen inguruan gogoeta egiteko eta adierazpena osatu dezagun, bakoitzak ekarpenak egiteko aukera izango du. Aurrez aurreko bileretan ez eze, bakoitzaren nahia posta elektroniko bidez bidaltzeko aukera ere egongo da irekiko den foroan”.
Herritarren adierazpena adostutakoan, hori herriari azaltzeko asmoa agertu dute ekainaren 4an, eta hortik aurrera, atxikimenduak jasotzeko unea izango da.