Aranzadi Zientzia Elkarteko presidentea da Francisco Etxeberria (Beasain, 1957). Giza Eskubideen arloan aritzeagatik sariak hartu ditu, esaterako, Bizkaiko Foru Aldundiaren edota Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Martitzenean [apirilak 26], Gernika Saria emango diote.
Gernika Saria hartuko duzu martitzenean.
Bai, eta pozten naiz sari hau Uruguaiko presidente ohiari ere emango diotelako. Kriminalizatu, kartzeleratu egin zuten, eta urte batzuetara merituak onartu dizkiote; mundu zabalean eta Euskal Herrian. Beraz, egun horretan saria beragaz batera hartzeak pozten nau.
Zer suposatzen du sari horrek zuretzat?
Saria ez da niretzat, ezin du izan. Saria esku bategaz hartuko dut, eta besteagaz lan taldeari emango diot; atzean badaudelako pertsona asko, inork elkarrizketatzen ez dituenak eta egunero lan handia egiten dutenak. Titulua niri emango didate, baina ezin dut modu pertsonalean jaso. Ezingo nuke egin dudana egin atzean dudan egiturarik gabe: Euskal Herriko Unibertsitatea, Aranzadi Zientzia Elkartea eta beste hainbeste jende. Joan den domekan Etxebarrian egin genuen indusketan bi pertsona berreskuratu genituen, eta lan taldean 20 pertsona baino gehiago izan ginen lanean.
Espero zenuen?
Ez, sorpresaz hartu nau. Sari gehienak esparru akademikoan ematen dira, eta sari hau soziala da, gizartearen aitortza da, eta zientzialarien ikuspuntutik hori ez da ohikoena
Hala ere, zure lanak eragin zuzena du gizartean.
Bai, eta unibertsitatearen alde hori ezin da galdu. Unibertsitateak eskolak emateko betebeharra du, baina baita ikertzekoa ere. Ikerketa horiei erabilpen bat eman behar zaie, nolabait aplikatu. Askotan ez da erraza aplikatzen. Nire kasuan, analisi eta ikerketaren emaitzek inoiz izan dute erabilpena gizartearen eskariari erantzuteko.
Francisco Etxeberria, Aranzadiko presidentea. Argazkia: Mikel Arrazola (Irekia)
Gizartearen eskaerari irtenbidea eman diozue, eta orain, sariagaz, gizarteak lan hori onartu nahi du.
Bai, 2000. urtean 36ko Gerrako edo Frankismoko biktimak berreskuratzeko lana hasi genuenean jendeak ez zuen ulertzen, ez unibertsitateko jendeak ezta kanpokoek ere. Gauza asko entzun behar izan genituen; besteak beste, hobe genukeela horretan ez sartzea, kontuz ibiltzeko… Ekinagaz eta seriotasunagaz erakutsi ahal izan dugu esaldi horiek lekuz kanpo zeudela, eta gizartea horregaz konturatu da. Pertsonak, sindikatuak, alderdi politikoak eta instituzioak horregaz jabetu dira, eta egiten dugun lana errespetuz ikusten dute gaur egun. Aukera izan nuen sinisteko gainera zetorkigunari ezingo geniokeela heldu familien gogoagaz bakarrik, eta laguntza teknikoa beharko genukeela. Metodologia bat behar da, baliabide teknikoak, egia hori akreditatzeko eta paperera eramateko. Horretarako lan talde bat da beharrezkoa, eta horregaz jabetu da jende asko.
“Munduko leku askotan ikertzen da iragana modu kritikoan; batez ere, landu ez diren eskubide urraketak daudenean. Eskubideei kasu egin izan baliete, kasu hauek argituta leudeke”
Iragana berreskuratzean, zer sentitzen da?
Oso forentsea da. Mediku batek geroari begiratzen dio pronostikoa ematerakoan; forentseek egiten ditugun analisiak beti iraganera begira dira, zer gertatu den eta nola gertatu den azaltzeko. Hori maila indibidualean edota gertaera jakin batzuetan aplikatu daiteke. Nire ustez, gaur egun gertatzen diren gauza asko baldintzatuta daude iraganean gertatutakoagaz. Gure gurasoek bizi izan zuten, baina baita gaur egungo herritarrei, egunero lanera edo erosketak egitera doazenak direlako iraganean gertatutakoaren protagonista. Arazoa ez da hain urrunekoa. Giza Eskubideen urraketak dira, inoiz erantzunik izan ez dituzten urraketak, eta indarrean daudenak.
Memoria historikoari buruzko lanketa, beraz, lekua hartzen ari da.
Bai, zerbait unibertsala da. Munduko leku askotan ikertzen da iragana modu kritikoan; batez ere, landu ez diren eskubide urraketak daudenean. Eskubideei kasu egin izan baliete, kasu hauek argituta leudeke. Baina ez da horrela izan. Biktimen memoriarako eskubidea ez du inork zalantzan jartzen, baina memoriarako eskubidea badago, memoriarekiko betebeharrak ere badaude, eta denek kontuan hartu beharko genituzke. Nork bere esparruan; bai unibertsitateko irakasleek, kazetariek edo politikoek, esaterako. Zeinek bere lanpostutik aplikatu beharko luke memoriarekiko betebeharra. Baita instituzioek ere, baita udaletxeek ere. Horrek giza eskubideen diskurtsoa handitzeko balio behar du, inork ezingo duena ukatu. Gero eta jende gehiago gaude honetan, eta laguntzeko prest dauden ikasle denen eskaerei erantzuna emateko baliabiderik ez dugu. Diziplina orotako ikasleak daude laguntzeko prest: arkitektura, arte ederrak, kazetaritza, psikologia, medikuntza forentsea….
“Giza eskubideen urraketak eman dira, baina ez dute inoiz erantzunik izan. Gure jendartea ez dago giza eskubideen arloan hezituta. Denbora bat behar da giza eskubideen alorrean hezitutako gazte jendeak jendarte osoarengan eragin dezan”
Giza eskubideen errespetua da oinarria, beraz.
Modu horretara jokatu behar dela sinistarazteko lan egin dut. Normaltasun batera eraman dugu desagertutakoen gorpuak berreskuratzeko lana , eta ez da arazo edo nahaste batean bilakatu. Non dago arazoa? Benetan sinesgarria da horrek jendartea zatikatzen duela?
Zuen lanak berradiskidetzearen alde egin dezakeela uste duzu?
Bai. Izan ere, gorpu batzuek besteak ere ordezkatzen dituzte. Hori da senideen ahotik entzun dudana pertsonaren bat identifikatu dugunean. Denek izan zutelako amaiera bera, eta arrazoi berberengatik. Beraz, gorpu horiek berreskuratzea bada berradiskidetzerako lan bat. Gure gizartea ez dago giza eskubideen arloan hezituta. Denbora bat behar da giza eskubideen alorrean hezitutako gazte jendeak gizartearengan eragin dezan. Giza eskubideei dagokion dena gehiago bultzatu daiteke, eta hori argi ikusten da beste herrialde batzuetan. Giza eskubideen alorrean lanean ari den jendea dagoelako, goizetik gauera. Formakuntza bat daukate. Hemen horren inguruan gauzak egiten ari dira, baina askoz gehiago egin daiteke.
Baita euskal gizarteak ere.
Euskal gizarteak Irakeko gerrari ezetz esan zionean ere, mugimendu horretan izango zuten eragina iraganean bizi izandakoek. Entzun izan dugulako gerrak zer dakarren. Baina euskal instituzioek, gutxienez, Jaurlaritzako giza eskubideen departamentua sortu du, eta elkarregaz ari gara. Espainiako leku gehienetan giza eskubideak kultura arloan sartzen dituzte.
Etxebarriko indusketak egin genituen joan den domekan, eta han ziren Jaurlaritzako, udaleko ordezkariak, memoria lantzen duten elkartekoak, herritarrak, biktimak… Eta aditu talde bat, tartean ni. Ematen du gu garela protagonista, baina ez da horrela. Gu puzzle baten parte gara, eta puzzle hori osotuta dagoenean hasten dira gauzak funtzionatzen. Gizarteak gorpuak berreskuratzeko ekimenak ulertzen ditu, onartzen ditu, eta gizarte honetan bizitzeak poztu egiten ditu familiak.
Hala ere, erreparazioa ez da erabatekoa.
Maila pertsonalean, jendeak badaki egiten ari garena dela egin beharreko gutxienekoa. Goi mailako egitura politikoetan, agian, bestelako diskurtso bat izango dute, baina maila pertsonalean denek onartzen dute egiten ari garena egin beharrekoa dela. Nola izango ditugu gure lurretan eraildako pertsonen gorpuak lurperatuta eta bere horretan utzi? Ikuspuntu demokratikotik ez dago nondik hartu.
Hala ere, orain arte egindako lanagaz pozik egongo zarete.
Bai. Eta esan behar dut oraindik ikasten ari garela. Nire diskurtsoa 2003. urtean ez zen gaur egungoaren bera. Giza Eskubideak urratuak direnean, horrekiko ardura izan behar du gizarteak. Nik, Marfil Kostako gatazkan, esaterako, ezer gutxi egin dezaket, baina gaiak kezkatzen nau.