Ertzaintzak Debabarrenean egindako lapurretetako material ugari berreskuratu ditu
Mendaroko txokolate enpresa batean egindako lapurretako bi ustezko egileen atxiloketari esker, Ertzaintzak atxilotutuak Debabarreneko hainbat herritan egindako lapurretekin erlazionatu ditu, eta egindako ikerketari esker, ebatzi gabe zeuden beste hainbat lapurreta ere argitu ahal izan ditu.
Hain zuzen ere, bi atxilotuek azken bi hilabeteotan Elgoibarren eta Mendaron izan diren beste hainbat lapurretetan parte hartu dutela ziurtatu ondoren, ikerketak Debabarreneko beste hainbat herrietako lapurretak argitzeko balio izan duela nabarmendu du Ertzaintzak. “Haien bizilekuetan eta haiek erabilitako beste lokal batzuetan miaketa egin ondoren, itxura guztien arabera lapurtutakoa den materiala aurkitu dute. Orain, aurkitutako materialaren jatorria ikertzen ari dira, jasotako beste salaketa batzuekin alderatuz”.
Barikuan [apirilak 22] gainera, Mutrikun, bigarren atxilotutakoaren garajean, antza denez, Elgoibarko garaje batean lapurtutako motozikleta bat eta mendiko bizikleta bat ere aurkitu zituzten. Horrez gain, gama altuko bizikleta bat ere atzeman zuten atxilotutakoaren garajean, eta ertzainek ziurtatu ahal izan dutenaren arabera, iaz Durango emakumeen txirrindulari taldeko lokaletik lapurtutakoa da bizikleta.
Bestalde, berreskuratu dituzten hainbat gauzen artean, lau parapente eta ultrarin baten motorra ere badaudela adierazi dute. Ertzaintzak nabarmendu duenez, bi atxilotuak bariku goizean Eibarko epailearen aurrera eraman zituzten, eta ikerketak irekita jarraitzen du.