Imuntzo eta Belokirekin erromeria Amoroton, zapatuan
Udalerriko plazan 20:00etan hasiko da erromeria, baina, aurretik jai giroa izango da nagusi. Izan ere, 18:00etatik aurrera, taloak eta sagardoa dastatzeko aukera egongo da.
Jaialdia grabatu egingo dute, eta ETB1eko zapatu gauetako Oholtzan saioan emango dute.
Imuntzo eta Belokik iaz, udazkenean kaleratu zuten Egurre diskoa, eta azken lan horretako pieza bat baino gehiago joko dituzte Amorotoko plazan, baita haien abesti ezagun eta zaharragoak ere.
1989an plazaz plaza hasi zirenetik hamaika lan atera dituzte. Iaz argitaratutako azken diskoan taldearen pieza ezagun bat baino gehiago sartu zituzten, gaurkotuta. Horien artean daude Gizontxo gizentxo, Sorgindu edo Mikel Goñi esaterako. Bestalde, konposizio berriak ere badaude: rantxerak, kunbiak, biribilketak, trikitixak, porrusaldak…