Mutrikuko
EH Bilduko zinegotziek jakitera eman dutenez,
Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikariekin batzeko duten eskubidea babesteko eskatuko diote udalari, bihar, 19:00etatik aurrera egingo den udalbatzaren osoko ohiko bilkuran. Koalizioak, hain zuzen ere, eskabide hori egiten duen mozioa aurkeztea erabaki du.
Mutrikuko EH Bilduko zinegotziak, osoko bilkura batean
Zinegotziek nabarmendu dutenez,
Mutriku-Sasiola errepidearen inguruan euren ikuspuntua azaltzeko aldundiko teknikariarekin batu nahi izan dute, baina ahaleginak egin badituzte ere, horiekin batzea ez dute lortu. “Hori dela eta, herritar modura eta herri ordezkari gisa dagokigun batzeko eskubidea aldarrikatu nahi dugu”.
Koalizioaren iritziz, aldundiak agintaldi berrian alde batera utzi du iaz Mutrikuko Udalak aldundiarekin batera aurkeztutako Mutriku-Sasiola alternatiba. “Hauteskunde berriekin, aldundia eta udalaren gobernuak EAJren eskuetan daude, eta harrezkero, aldaketa sakona ekarri dute gobernu aldaketek.
Kostaldeko bidea lehenetsi du aldundiak, eta bertan behera utzi du Mutriku-Sasiola alternatiba berria. Aldundiko Bide Zuzendariarekin eta teknikari batekin eginiko bileran jakin genuen zein zen aldundiaren asmoa. Kostaldeko bidearen inguruan, babesa eskaini genion proiektuari, baina Mutrikuk Sasiolako alternatiba ere behar zuela aldarrikatu genuen”.