Mutrikuko Zabiel Eskulan Taldeko kideak Siriako errefuxiatuei bidaltzeko materiala biltzen aritu dira Maria Rekadistaren lokalean azken asteotan. Eskulan taldeko arduradunek nabarmendu dutenez, guztira, 256 kaxa (8 palet) bete material jaso dituzte bilketa solidarioan.
Kaxa horiek gaika banatuta, honakoak jaso dituztela adierazi dute: garbitasun gauzak (askotariko kremak, xaboia, hortzetako pasta, konpresak, gasak…) 71 kaxa, barruko arropa eta osagarriak (zapatak, galtzerdiak, euritako txanodunak, zapiak, biserak, barruko arropa) 48 kaxa, haurrentzako jolasak eta eskola materiala 40 kaxa, haurrentzako materiala (motxilak, umeak eramateko motxilak, haur kotxeak, janaria, pixohialak, biberoiak) 43 kaxa, eta bestelako materiala (kanpin dendak, lo zakuak, mantak, toallak…) 54 kaxa.
Zabiel Eskulan Tailerrekoek batutako materiala. Argazkia: Zabiel Eskulan Tailerra
Eskulan taldeak arropa Eibarren (CARE) dagoen elkartearen laguntzarekin bidali zuten, eta orain jasotako material guztia, aldiz,
SOS Refugiados en Red taldearekin bidaliko dutela jakitera eman dute. “Orain Seur Solidarioko kamioiaren zain gaude, batu dugun materiala Mutrikutik Valentziara, eta handik Siria ingurura bidaltzeko. Seurrek bere gain hartzen du Espainian zehar egindako mezulari zerbitzua, baina Valentziatik Siriara bidaltzea gure kontura izango da: hau da, palet bakoitzeko 85 bat euro”.
Taldeko kideek lanean jardun duten boluntarioei eta materiala ekarri duten herritarrei, dendei eta ikastetxeei eskerrak eman nahi izan dizkie. “Era berean, eskerrak eman nahi diegu dirua eman duten pertsona anonimo zein taldeei, kultur talde, elkarte gastronimikoak, kirol taldeei… eta baita udalari ere”.
Elkarteko kideek gogorarazi dutenez, diru laguntzak jasotzen jarraituko dute,
negura begira ere kaxak bidali nahi dituztelako. “Arroparen zati bat eibartarrekin bidali genuen, baina arropa bidaltzeko kanpaina itxi egin zenez, kaxa pila bat gelditu dira bidali gabe. Nahiz eta azken kanpainan arroparik ez ginen batzen ari, jendeak ekarri egin du, eta hori guztia orain bideratu nahian gabiltza”.