Bermeora, Ondarroara eta Mutrikura dakartza ekintzak Gure Esku Dagok
Bi bider bertan behera geratu ostean, Argitu erabakia deritzon kriseiluen ekimena bihar egingo dutela adierazi dute Ondarroako Gure Esku Dago dinamikako kideek. Ilunabarrean elkartuta, erabakitzeko eskubidearen alde argizko koloretako ehunka kriseilu p...
21:00etan, Gure Esku Dagoko kamisetak soinean, Alamedan batzeko deialdi zabala egin dute, eta haizeak lagako balu, behinik behin, Plaiko eta Itsasaurreko zubietatik aireratuko lituzkete kriseiluak. «Gure asmoa Plaiko Zubiaren eta Itsasaurre Zubiaren inguruan borobil antzerako bat sortu, eta kriseiluak hortik jaurtitzea da. Baina hori egiteko arriskurik ez dagoela ziurtatu beharko dugu aurretik».
Askok kriseilua aurretik erosita dutela azaldu dute dinamiko kideek, baina oraindik erosi ez dutenek ere, euro baten truke, horretarako aukera izango dute, Alamedan 18:00etatik aurrera ipiniko dituzten mahaietan. Hain zuzen ere, iluntzeko ekimena girotze aldera, arratsaldean hainbat gauza egingo dituzte. Besteak beste, iazko oihalekin osatutako erakusketa antzerako bat antolatu dute, eta nahi duenak bazkidetza egin, eta Gure Esku Dagoren materiala ere erosi ahal izango du.
Adierazpena osatzen
Bestalde, Bermeoko eta Mutrikuko Gure Esku Dago dinamikek hitzordua dute bihar. Hain zuzen ere, erabakitzeko eskubidearen aldeko adierazpena osatu eta adostu nahi dute herritarrekin.
Mutrikun, 12:30ean, batuko dira Zabiel Kultur Etxean eta Bermeon, 11:00etan, Gizarte eta Kultura Etxean.