Ondarroa, Mutriku, eta beste 58 herri
Emusik jaialdiaren agertoki izango dira maiatzaren 6an eta 7an. Musika Eskolen Europako jaialdia da, hain zuzen, Emusik, eta jaialdiak musikagaz gozatzeko aukera paregabea eskainiko die herritarrei. Horretan,
Europako musika eskoletako 8.500 ikaslek parte hartuko dute Euskal Herrian barrena eskainiko dituzten 120 kontzertu baino gehiagotan. Ondarroak eta Mutrikuk, esaterako, kontzertu horietako batzuk hartuko dituzte maiatzaren 6an.
Zaldupetik, Itsasaurrera
17:00etan iritsiko dira maiatzaren 6an taldeak Ondarroara, eta 17:30ak bitartean harrera egingo diete Zaldupeko aparkalekuan. Kalejira 18:00etan hasiko dute Zaldupetik, eta honako taldeek parte hartuko dute: Musika Eskolako eta Kresala elkarteko Banda, Big Banda, txistulariak, perkusio taldea, Alemaniarren Banda, trikitilariak, Herrialdeko Katalaneko haurren korua, Ondarroako Musika Eskolako umeak eta irakasleak, Kantaize Abesbatzeko kideak eta Emeki Koraleko kideak. Gainera, kalejira aurretik zein atzetik, Artelaneko erraldoiak ibiliko direla azaldu dute.
Emusik jaialdiaren aurkezpena, Bermeon
Kalejira Itsasaurre plazan amaituko da, eta kontzertuak 19:00etan hastea aurreikusi dute. Talde bakoitzak
20 minutu inguruko kontzertua eskainiko du. Saioari amaiera emateko, talde guztiek batera
Europako Ereserkia eta
Musikatu bizitza abestiak kantatuko dituzte.
Eguraldi txarra egingo balu, berriz, ez lukete kalejirarik egingo. 18:00ak aldera luntx bat emango liekete parte hartzaile guztiei, eta kontzertuaren ordua mantendu egingo lukete, baina Itsasaurren barik, kiroldegiko kantxan izango litzateke.
Mutrikun, aste musikala ere bai
Maiatzaren 2tik 6ra XVI. aste musikala ospatuko dute Mutrikun. Astelehenetik [maiatzak 2] eguaztenera [maiatzak 4], Zabiel Kultur Etxean kontzertuak eskainiko dituzte, 19:00etatik aurrera, eta eguenean [maiatzak 5], ostera, Zabiel Plazan egingo da kontzertua. “Kontzertu hauetan gure ikasleek urtean egindako lanaren ondorioak erakusteko eta entzuteko paregabea izango da”, azaldu dute Musika Eskolako arduradunek.
Astea musikala, iaz, Mutrikun
Egitarauari dagokionez, astelehenean folk taldea, anaiarte abesbatza, trikitixa, zehar flauta, biolin eta klarinete taldeen kontzertua egongo dira aukeran. Martitzenean, berriz, Musika Eskolako txikienen txanda izango da, eta, eguaztenean, pianoa, tronpeta, akordeoi, klarinete eta tronboi taldeak ariko dira, Madalen Txiki abesbatzarekin batera. Azkenik, eguenean, pianoa, saxofoia, 8-9 urtekoen korala, Avanti taldea, banda txiki eta beste hainbat talderen txanda izango da.
Eta aste musikalari bukaera emateko, Emusik jaialdiaren barruan, Europako hainbat gazteren kontzertua egingo da, maiatzaren 6an, 16:30ean, Goiko Plazan.
Mutrikun ez eze,
Markina-Xemeinen ere hainbat ekintza egingo direla aurreratu dute. Emusik jaialdian parte hartuko duten musikariek, esaterako, Markina-Xemeinen egongo dira lotan.