Zehatz esateko, 40B, 40C, 42A eta 42B atariko bizilagunak izan dira euren ganbaretara sartu ahal izan direnak. Ondarroako Udalak aurretiaz bizilagun bakoitzari emandako ordutegia jarraituz sartu dira ganbaretan eta euren gauzak atera ahal izan dituzte. Oraingoan, aurrekoetan ez modura, bizilagunak etxe barruko igogailuetan eta oinez igo eta jaitsi dira. Eta arazorik sortzen ez zela ziurtatzeko, igogailuetako teknikariak egon dira bertan, badaezpada.
Garabi baten laguntzagaz, gauzak laugarren solairuko etxebizitza bateko balkoitik atera dituzte; garabian udal brigadako langile bat zegoen eta suhiltzaileek hari ematen zizkieten maletak eta bestelakoak. Jon Epelde San Inazio mendi azpixan gestorako kideak jakitera eman duenez, igogailua erabiltzeko aukera edukitzea ondo egon da. “Aurrekoan suhiltzaileen eskaileran igo ginen etxebizitzetara. Beraz, oraingoan hobeto konpondu gara”.
San Inazioko bizilagunak etxeetatik gauzak ateratzen
Bizilagun gehienek udako materiala atera dute ganbaretatik: udako arropa, hondartzako aulkiak, mahaiak, kanpinak, bizikletak… Dena dela, bizilagun gehienek material gehiena aurretiaz aterata zeukatela esan dute.
Gauzak ateratzen laguntzeko, brigadako kideekin batera aritu dira suhiltzaileak ere. Bien bitartean, udaleko arkitektoa, teknikariak eta zinegotziak bestelako antolakuntza lanetan ibili dira.
Ertzainak ere egon dira. Izan ere, 47 eta 49 atarietako bi etxebizitzetan eta ganbaretan egindako lapurreten harira, etxe jabe batzuk atestatua egin behar izan dute. Horrez gain, zenbait gauza ere atera ahal izan dituzte. Dena dela, lapurreta gehiago ez direla egin ziurtatu dute arduradunek. Lapurrak sartu ziren bi etxebizitzetako jabeek, gainera, arotzaren laguntzagaz, lapurrek indarrez apurtutako etxebizitzetako ateak itxi dituzte.
Gainera, HITZAk jakin ahal izan duenez, ibaiaren aldera dagoen eta aldamioa daukan etxean lanak egiten hasiko dira datorren astean. “Esan digutenez, datorren astean fatxadan obretan ari direnei sartzen utziko diete. Dena dela, oraindik ez dago eguna zehaztuta. Izan ere, obretako kamioiari egun bakarrean utzi nahi diote sartzen, eta egun bakar bat ez dela nahikoa diote langileek”.
Beste alde batetik, Ondarroako Udalak Estefania Beltran de Heredia Jaurlaritzako Segurtasun sailburuari San Inazioko zaintzan errefortzua jartzeko eskatu dio, gutun bat bidalita.
San Inazioko bizilagunak gauzak ateratzen
Etxebizitza hutsen premia. Beste alde batetik, udalak adierazi duenez, San Inazio kaleko bizilagunak birkokatzeko beste 44 etxebizitza gehiago beharko dira. “Orain arte eskainitako etxe kopurua ez da nahikoa. Horregatik Ondarroako Udalak dei berezia egiten die herritarrei beraien etxeak Alokabideren esku lagatzeko”.
Udalak igorritako datuen arabera, dagoeneko, Ondarroako 26 etxebizitzen kontratuak sinatu ditu Alokabidek, eta beste 14 etxebizitza Ondarroa inguruetan.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.