Errenta aitorpena egiteko kanpaina zabalduta dago Gipuzkoan, eta Bizkaian, astelehenean ekingo zaio.
UEMAk aitorpena euskaraz egitera deitu du, “euskarari bide berriak irekitzeaz gain, administrazioaren euskalduntzea ere bultzatzen delako”.
Errenta aitorpena egitean lexiko aldetik sor daitezkeen zalantzak argitzearren, UEMAk ateratako
hiztegia ere banatuko du, adibidez,
Bermeoko Udalak, atxikipen, balio erantsiaren gaineko zerga, ekarpen, etekin garbi, etekin gordin, etekin oso, gastu kenkaridun, hobari eta antzeko terminoekin. Izan ere, errenta aitorpena zenbaki hutsa ez, testua ere bada. “Errenta aitorpena zenbakiekin lotzen den gauza da; ez dugu pentsatzen errenta aitorpenean hizkuntza ere badagoela”, adierazi du Maite Rey
Ondarroako Udaleko euskara teknikariak. Arrazoi horregatik, Bizkaiko Foru Aldunditik heltzen diren aitorpenak ze hizkuntzatan dauden euren buruari galdetzera gonbidatzen ditu zergadunak.
[DATUAK HERRIZ HERRI]
UEMAk
aholkularitza eta finantza erakundeak kanpainagaz bat egitea eskatu die. Edozelan ere, Ondarroan, esate baterako, errenta aitorpenak egiten dituzten aholkularitzek zein finantza etxeek badaukate zordunei errenta euskaraz egitera gonbidatzeko ohitura, urteetan. Ez hori bakarrik: batzuek, besterik eskatu ezean, euskaraz egiten dute, hau da, propio gaztelaniaz egitea eskatzen dutenei baino ez zaie errenta aitorpena gaztelaniaz egiten. Edozelan ere, erosotasuna ere bada errenta aitorpena gaztelaniaz egiteko arrazoi kasu askotan. Finantza erakundeek ere aipatzen dute hori. “Inoiz esan izan digute jartzen duena ez dutela ulertzen euskaraz dagoelako, baina benetan gertatzen dena da gaztelaniaz ere ez dutela ulertzen, berbak gaztelaniaz ezagunagoak egiten zaizkien arren”, esan du Jose Mari Urrosolo Ondarroako BBKko langileak.
Ahozko komunikazioa, euskaraz
Errenta aitorpena egiteko orduan, euskaldunen kopurua altua den udalerrietako finantza erakundeetan eta aholkularitzetan ahozko komunikaziorako erabiltzen duten hizkuntza euskara da, nahiz eta terminoak horren zuzen erabili ez. Horrela, elkarrizketetan ez da ohikoa PFEZ entzutea, “IRPFa”baizik. Batzuentzat “atxikipena” ezaguna izan daitekeen arren, entzunagoa erderatik euskarara zer edo zelan ekarritako “erretentzioa”. Terminoak zuzen ez erabiltzeak, dena dela, ez du elkarrizketa erdaldun bilakatzen.
“Hizkuntza formalean, aurriritziak eta beldurrak agertzen dira, zenbat eta nagusiago izan, gehiago”
“Bermeon, esate baterako, harremana euskaraz izaten da neurri handi batean; paperen aurrean jartzean, ostera, hau da,
hizkuntza formalean, aurriritziak eta beldurrak agertzen dira, zenbat eta nagusiago izan, gehiago”, adierazi du Maite Alvarez Bermeoko Udaleko euskara teknikariak. Eta errenta aitorpena egiten duten finantza erakunde eta aholkularitzen aldetik jarrera ona ikusten dute Bermeon ere; prest egoten dira zordunak errenta aitorpena euskaraz egitera animatzeko.
Ondarroako aholkularitza entitate bat, bezero baten eskaaerari erantzuten.
Datu baxuak
Orokorrean, errenta aitorpena euskara egiten dutenen datuak oso baxuak dira; “negargarriak”, Alvarezek dioenez. “Gehiena eginda bidaltzen dute aldunditik. Euskara teknikariok,
Alkarbideren bitartez,
Aldundiari indar handiagoa egiteko eskatu diogu; erraztasunak emateko jendeak errenta aitorpena euskaraz egin dezan”, gogoratu du.
“2014an Bizkaian egin ziren 571.571 aitorpenetatik %2,14 baino ez ziren euskaraz egin”
2014an, Bizkaian egin ziren 571.571 aitorpenetatik 12.224 baino ez ziren euskaraz egin, %2,14. Adibidez, Internet bidez egin zutenen artean, 1.483 izan ziren euskaraz (117.146, gaztelaniaz); entitateek egindakoetatik, 3.532 (126,909, gaztelaniaz); etxera bidalitakoetatik, 6.523 (261.492, gaztelaniaz); eta manualetatik, 649 (51.913, gaztelaniaz).
[DATUAK HERRIZ HERRI]