Bat-bateko bertsolaritza eta haren inguruko presentzia publikoa uztea erabaki du Xabier Amurizak. Hala iragarri du gaur goizean [maiatzak 3] Euskadi Irratiko
Faktoria saioan, 75 urte bete dituen egunean. Aurrerantzean, literatura sorkuntzan arituko da, batik bat. Haren
agurreko bertsoaren bideoa sareratu du
Bertsoa.com atariak.
Mende erdi baino gehiago igaro du Amurizak plazaz plaza bertsotan, baina txiki-txikitatik datorkio bertsolaritzarako lotura. Gaztetan, seminarioan zela hasi zen bertsogintza modu kontzientean garatzen eta ikasten. Bizkaiko apaizen mugimenduan erreferente izan zen;
Gizaburuagako eta Amorotoko apaizan ere izan zen (1965). Zazpi urte igaro zituen kartzelan, 1968tik 1975era, hiru alditan. Tarte hartan sakondu zuen bertsolaritzaren teorizazio eta sistematizazio lanetan. Espetxetik ateratakoan praktikara eraman zituen gogoetak, eta bitan suertatu zen Euskal Herriko bertsolari txapelketan garaile, 1980 eta 1982an. Bertsoen eduki, hizkeran eta egituran eragindako berritasunen ondorioz, bertsolaritza modernoaren aitatzat hartua da. Bertsoa ikas zitekeela defendatzen lehenengoetarikoa izan zen, eta bera da bertso eskolen mugimenduaren sustatzaile nagusia.
90eko hamarkadan, gaia emandako bertso saioetatik aldentzen hasi zen, librean aritzeko. Horiekin batera, askotariko ekitaldietan parte hartu du, bertsoa zela medio. Arlo hori etengo du orain, baina ez du baztertu orain arte egindako beste hainbat lan eta ikuskizun ematen jarraitzea.
Literatura izan da Amurizaren beste arlo kuttuna. 80ko hamarkadan hiru eleberri argitaratu zituen, eta 2007an
Joan ziren izeneko zazpi nobelako zikloari hasiera eman zion. Horietatik lau argitaratu ditu honezkero, eta prest du hurrengoa,
Zein ongi bizi zen Ulises izenekoa. Argitaratu bitartean, ikuskizuna eskainiko du eleberriaren laburpen modura. Euskararen inguruko kezkak eta gogoetak ere jaso ditu, saiakera liburuetan. Gainera, euskaltzain urgazlea da. Politikan ere ibilia da Amuriza: Bizkaiko Batzar Nagusietan diputatu eta Eusko Legebiltzarrean parlamentari izan zen, HBren eskutik.
Testua: Berria