Euskararen ezagutzari eta erabilerari buruzko balorazioa egingo dute
Udal aretoan bilduko dira gaur, 18:30etik aurrera. Herritarren artean %97koa da euskararen ezagutza, eta biztanleriaren %89ak euskaldun sentitzen dela adierazi duMunitibarko bizilagunen euskararen ezagutza eta erabilera aztertzen ari dira, eta horren i...
Udal aretoan bilduko dira gaur, 18:30etik aurrera. Herritarren artean %97koa da euskararen ezagutza, eta biztanleriaren %89ak euskaldun sentitzen dela adierazi du
Munitibarko bizilagunen euskararen ezagutza eta erabilera aztertzen ari dira, eta horren inguruko balorazioa egingo du gaur Euskara batzordeak.Munitibarko Udalak jakitera eman duenez, udalerrian egindako euskararen galdetegiak emandako datuak herritarren aurrean aurkeztu, eta haiekin batera aztertuko dituzte gaurko batzar irekian.
Hain zuzen ere, herrian dagoen euskararen ezagutza eta erabilera maila jakite aldera, udaleko euskara batzordeak etxebizitza guztietara galdetegia bidali zuen iazko abenduan. Eta galdetegi horren emaitzekin egin dute azterketa.
196 erantzun inguru jaso zituztela jakitera eman dute. «Munitibarren zenbat bizi garen kontuan hartuta, benetan ere kopuru ona da euskararen egoeraren argazkia ahalik-eta zehatzena egiteko».
Euskara sustatzeko plana
Halaber, azterketa horretatik atera dituzten datuak 2016-2017 Euskara Sustatzeko Ekintza Plana bideratzeko erabiliko direla jakitera eman dute euskara batzordeko kideek.
Hizkuntzaren bilakaerari dagokionez, lehen hizkuntza euskara dutenen kopuruak behera egin du azken hamabost urteetan. 2015ean biztanleriaren %78,2ak onartu zuen euskara lehen hizkuntza moduan; 2001 urtean %91k, eta 1991n %98,5ekoa zen kopurua.
Hala ere, gaur egun biztanleriaren %81,8ak etxean euskaraz egiten dutela adierazi du horietatik %3,6k gaztelaniaz ere egiten dute etxean.
Euskararen ezagutzari dagokionez, euskaraz dakitenak herritarren %97a dira, eta euskaldun sentitzen direnak, berriz, %89a.
Era berean, komunikabide zein bestelako kontsumo ohiturak zein hizkuntzatan egiten dituzten ere galdegin diete munitibartarrei. Esate baterako, irakurketari dagokionez, herritarren gehiengoak gazteleraz irakurtzen du. Ohitura kontuak eta euskaraz alfabetatu ez izana dira erantzun hori emateko herritarrek adierazi dituzten arrazoi nagusiak. Alabaina, euskaraz gehiago idazten dute, gaztelaniaz baino.
Beste alde batetik, guraso eta seme-alaben artean zein hizkuntzatan aritzen diren ere aztertu dute. Gurasoen %84,4ak seme-alabekin euskaraz egiten duela esan dute.
Gurasoen artean, baina, euskara gutxiago erabiltzen da; euskaraz edo gehien bat euskaraz egiten dutela erantzun du %72ak.
Halaber, eskolan eta herrian egiten dituzten ekintzak zein hizkuntzatan nahi dituzten ere galdegin diete herritarrei. Gehiengo handi batek %98 euskaraz jardun nahiko lukeela erantzun du.