Lea-Artibaiko dantzak izango dira protagonista 'Erroak' ikuskizunean
Ondarroa, Markina-Xemein, Mendexa eta Lekeitioko dantza taldeek hartuko dute parte Santi Brouard frontoian eskainiko duten ikuskizunean. Bost pieza dantzatuko dituzteDantza tradizionala balioan jarri eta Lea-Artibaiko dantza taldeen lana ezagutzera ema...
Ondarroa, Markina-Xemein, Mendexa eta Lekeitioko dantza taldeek hartuko dute parte Santi Brouard frontoian eskainiko duten ikuskizunean. Bost pieza dantzatuko dituzte
Dantza tradizionala balioan jarri eta Lea-Artibaiko dantza taldeen lana ezagutzera emango du zapatuan, 21:30ean, Santi Brouard pilotalekuan egongo den Erroak dantza ikuskizunak. Ondarroako Kresalak, Mendexako Dantzariak, Markina-Xemeingo Zerutxuk eta Lekeitioko Kaixarrankak eta Etorkizunak hartuko dute parte, maiatzaren 15ean Lekeition ospatuko den Bizkaiko Dantzari Egunaren harira antolatu duten emanaldian.Lekeitioko Estudiantinak 20:00etatik aurrera egingo duen kalejiraren ondoren hasiko da ikuskizuna frontoian. Saliña-Saliña, Mahai Gainekoak, Ezpata Dantza, Kaixarranka eta Eguzki Dantza piezak dantzatuko dituzte eskualdeko bost taldeek.
«Bizkaian dantza tradizionalari balioa emateko beharraren ondorioz sortu da Erroak. Ildo horri jarraituz, urte askotan eta gaur arte gogo handiz jardun duten pertsona eta taldeak identifikatu dituzten tradizioen jatorria eta erroak aditzera eman nahi dira», adierazi dute ekitaldiaren antolatzaile Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko ordezkariek.
Dantza tradizionalean ari diren taldeen ahaleginak eta lanak pozten dituztela azpimarratu dute, «egiten dutenagaz gozatzeko aukera eskaintzen dute eta».
Janzkerak, ikusgai
Erroak ikuskizunagaz, gainera, dantzari lotutako beste ekimen bategaz gozatzeko aukera dago egunotan, Lekeition. Maiatzaren 15era arte, zabalik egongo da, Barandiaran aretoan, Janzkerak Bizkaiko Dantzetan izeneko erakusketa. Erakusketak garai ezberdinetako jantziak aurkezten ditu, eta ondoan, informazioa emateko argibide-taula eta dantzagaz lotutako beste elementu batzuk jarri dituzte.
Erakusketa zabalik dago, astegunetan, 19:00etatik 21:00etara bitartean, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 21:00etara bitartean.