Martxoaren 8an bertan behera geratu eta gero, atzo [maiatzak 8] Hartu Trena! euskal preso eta iheslarien giza eskubideen aldeko ekimen herrikoia Ondarroara ailegatu zen. Tren ibiltaria Euskal Herrian barrena dabil, eta atzokoan, Ondarroan, hirugarren geldialdia egin zuen Errenteriaren eta Durangoren atzetik.
Ekimena Zaldupeko zubitik 12:00etan abiatu bazen ere, aurretik mendizaleek Tontorramendira joan-etorria egin zuten. Ekimenagaz 15 bat lagunek bat egin zuten.
Mendizaleak Tontorramendi gainean. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
12:00ak pasatxo hasi zen martxan lokomotora sinbolikoa, eta Zaldupe zubitik hasita herri osoa zeharkatu zuen. Tren ibiltariko bagoi erraldoian sartuta, dozenaka ondarrutarrek Ibon Iparragirre preso ondarrutarra eta larriki gaixorik dauden presoen egoera jendarteratu eta horiek kartzeletan jasaten dituzten eskubide urraketak salatu nahi izan zituzten geltokiz geltoki.
Ekimenagaz amaitzeko, trenak azken geldiunea Itsasaurren Plazan egin zuen. Bertan hitza hartzen lehenengoa Urtza Alkorta Sare herritarreko ordezkaria izan zen.
Alkortak gogorarazi zuenez, sakabanaketak euskal preso guztiek eskubideak urratzen ditu. “Baina, gaur, bereziki, larriki gaixorik dauden presoen egoera salatu nahi dugu. Kartzeletan bizitza gogorra bada, are gogorragoa da gaixotasun larriak dituzte lagunentzat. Ekimen hau martxan ipini berri 11 ziren larriki gaixorik zueden preso larriak, baina herri aktibazioari esker, Lorentxa Gimonen askatasuna lortu genuen, eta horixe da beste 10 lagunen askatasuna lortzeko bidea ere, herritarron konpromisoa eta aktibazioa”.
Tren ibiltaria San Inazio kaletik igarotzen
Era berean, trenak larriki gaixorik dauden presoen etxeratzea eskatzeaz gain, euskal preso politiko guztiek sufritzen duten eskubide urraketa guztiekin amaitzea duela helburu azpimarratu zuen Alkortak. “Sakabanaketa, amatasun/aitatasun eskubidea, ikasketa eskubidea, osasun eskubidea, salbuespen legedia… denekin amaitzea lortu behar dugu. Geltokiz geltoki aurrera egingo dugu”.
Iheslariak ere gogoan izan zituzten atzoko ekimenean, eta bizi duten jazarpen polizialagaz amaitu beharra dagoela eskatu zuten.
Azkenik, jendarte guztiari trenak osatu eta aurrera egiteko deia egin zuen Sarek. “Tren hutsak ez doaz inora, eta hortaz, trenak jendez betetzea ezinbestekoa da. Geltokiz geltoki denok batera giza eskubideen urraketarekin amaitu, konponbide bidean pausoak eman eta bakea lortuko dugu. Euskal preso eta iheslari politikoen eskubideen defentsan Hartu Trena! eta saretu”.
Larriki gaixorik dauden presoen argazkiak, Itsasaurre Plazan
Dinamikagaz, gainera, hainbat herriko eragilek bat egin zuten, eta atzokoan, horietako bik kanpaia jo zuten horren erakusle. Artelan eta Aurrera Mendi Taldeko kideek tren geltokiko kanpai sinbolikoa jo zuten.
Ostean, Ondarroako Bertsutan bertsozale elkarteko kideek bertsotan egin zuten eta Nagore eta Txomin Lasarte aita-alabek kantuan agurtu zuten ekimena.
Balorazio positiboa
Atzoko ekimenaren harira, pozik agertu dira Sareko eta Iparra Galdu Baik plataformako kideak. Iparra Galdu Baik-ekoak, esaterako, atzoko ekimenagaz eta Hartu Trena! ekimena girotzeko egindakoekin gustura geratu dira. Plataformako kideen iritziz, herritarren erantzuna ona izan da. “Jende kopuru polita batu gara”.
Tren ibiltaria, Nasa kalean zehar
Atzoko ekimenagaz gain, aurrera begira ere beste hainbat erronka betetzeko daudela azpimarratu zuten. “Saretu egin behar gara. Preso gaixo larrien edota sakabanetaren gaia modura, oraindik ere, urgentzia duten beste hainbat gai ditugu jorratzeko. Aurrera begira, arazoa jendarteratzen jarraituko dugu, eta gai horien buruzko hainbat ekimen antolatu nahi dira Ondarroan”.
Ondarroan egingo diren ekimenez gain, hurrengo asteburuan herriz herri Euskal Herriko txoko askotan hainbat ekimen egingo direla jakitera eman du Sarek. “Hainbat ekimen egingo dira eskubide urraketak salatzeko”.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.