Imanol Goñi eta Amagoia Legarra izan dira onenak Mendi Jaian
Mutiletan Ibon San Miguelek eta Ibon Bengoetxeak osatu dute podiuma. Nesketan Eba Gonzalez eta Laura Carrillo izan dira bigarrena eta hirugarrenaImanol Goñi eta Amagoia Legarra izan dira azkarrenak Gernika-Lumoko IV. Mendi Jaian.Domekan lehiatu zuten ...
Mutiletan Ibon San Miguelek eta Ibon Bengoetxeak osatu dute podiuma. Nesketan Eba Gonzalez eta Laura Carrillo izan dira bigarrena eta hirugarrena
Imanol Goñi eta Amagoia Legarra izan dira azkarrenak Gernika-Lumoko IV. Mendi Jaian.Domekan lehiatu zuten Urdaibai Kopako hirugarren proba izan dena. Goñik ordu bete, 39 minutu eta 28 segundo behar izan zituen 18 kilometroko ibilbidea osatzeko. Legarrak 2 ordu, 2 minutu eta 54 segundoko denboran amaitu zuen lasterketa.
Mutiletan, Ibon San Miguel eta Ibon Bengoetxea lekeitiarrek osatu zuten podiuma. San Miguel Goñirengandik 3 minutu eta 30 segundora heldu zen. Bengoetxeak, ostera, irabazleak baino 6 minutu eta 11 segundo gehiago egin zituen.
Nesketan, Eba Gonzalez eta Laura Carrillo sailkatu ziren, hurrenez hurren, bigarren eta hirugarren postuan. Biak ala biak irabazlearengandik oso gertu ibili ziren. Izan ere, Gonzalezek 2 ordu, 4 minutu eta 32 segundo behar izan zituen helmuga zeharkatzeko. Carrilok 2 ordu, 7 minutu eta 42 segundotan burutu zuen proba.
Eguraldia lagun izan arren, partaideek haize gogorrari aurre egin behar izan zioten. 10:30ean irtenda, 109 korrikalarik parte hartu zuten lasterketan.
Beste alde batetik, 300 bat pertsona batu ziren mendi martxa luzean, eta laburra 175 lagun inguruk egin zuten. 09:00etan irtenda, mendi martxa luzekoek 18 kilometroko ibilbidea egin zuten, eta laburrekoek, ostera, 8,5 kilometro ingurukoa. 11:00etan abiatu ziren haiek. 40 kilometroko BTT martxan 55 bat txirrindularik parte hartu zuten; horiek 09:45ean ekin zioten bideari.
Urdaibai Kopako sailkapen orokorrari dagokionez, mutiletan Imanol Goñi natxituarra da sailkapeneko buru, 150 puntugaz. Arkaitz Mintegia da bigarrena, 124 puntugaz, eta 119 puntu dauzka Kepa Bastegieta hirugarrenak. Nesketan, Irantzu Onaindia gernikarra da lehen sailkatua, 140 puntugaz; Agurtzane Argiarro bigarrenak ere Onaindiaren puntu kopuru bera dauka. Leire Monasterio da sailkapenean hirugarrena; 138 puntu dauzka.