Ondarroako XVI. Antxoa Egune zapatuan [maiatzak 14] ospatuko da. Berritasun bat edo bestegaz dator aurten jaia, eta antolatzaileek iragarri dutenez, aurten, Radixu Irratiak jasoko du zilarrezko antxoa sari preziatua; herriko irrati libreak 25 urte betetzen dituen urtean, hain zuzen ere. “Aurten Radixu Irratiari pentsatu dugu zilarrezko antxoa saria ematea. Herriaren alde lan handia egiten dute, eta egokia iruditu zaigu mota honetako omenaldi txiki bat egitea”.
Radixu Irratiko kideak irratsaio bat egiten
Saria eguerdian banatuko da Zubi Zaharraren azpian, baina aurretik, beste hainbat ekimen plazaratuko ditu antxoaren inguruko jaiak. Beste behin ere, Ondarroan hain preziatua den antxoaren balioa lau haiztetara zabaltzea izango da jaiaren helburu nagusia, eta berau prestatzen aritu diren eragileek eta laguntzaileek herritar guztiei eta ingurukoei bertan parte hartzeko gonbitea luzatu diete.
Ohiko den legez, jaia 12:00etan hasiko da, arrantzaleek antxoa porturatzen dutenean modura, hiru turrunegaz, eta 16:00ak bitartean, herriko hainbat elkarte gastronomikoren eta kuadrillaren laguntzagaz prestaturiko ehunka pintxo banatuko dira alde zaharrean. Antolatzaileek nabarmendu dutenez, inor ez da geldituko pintxorik jan gabe. “Pintxoak soberan egongo dira, inor ez da goseagaz geldituko”.
Herritarrak antxoa pintxoak dastatzen, iaz
Zapatuan Ondarroara datorrenak hainbat eratara prestatutako antxoa dastatzeko aukera izango du dozenaka boluntarioren eskutik; Galizia Etxekoek pudina prestatuko dute, Batzokiak antxoak ozpin saltsan egingo ditu eta Eskilantxarri elkarte gastronomikoak, ostera, tortillak. Antolatzaileek aurreratu dutenez, gainera, hainbat urtez egin gabe egon ostean, aurten antxoa gildak ere egongo dira, Gure Abixi elkarte gastronomikoaren eskutik.
Pintxo horiez gain, bertan momentuan prestaturikoak ere egongo dira aukeran: Zubiaurre eta Pixape elkarte gastronomikokoek kroketak prestatuko dituzte, Kaxarra kuadrillak pla-pla erara sukaldatuko ditu momentuan antxoak, eta horiez gain, Gernikako piperrak ere jateko aukera ere egongo da. Antxoa pintxoez gain, herriko kontserbak dastatzeko eta erosteko aukera ere egongo da.
Antxoak zelan prestatzen diren erakusten
Era berean, arrantza mundua “bizi-bizi dagoela erakusteko” bi ekimen berezi egingo dira alde zaharrean. Alde batetik, sare konpontzaileak sareak nola josten dituzten erakusten arituko dira, eta, bestetik, antxoa lantzeko prozesua zelan egiten den erakutsiko dute kontserbagileek.
Horrez gain, aurten bigarrenez, koloretako arrainak salabardoagaz harrapatzeko txokoa egongo da Kanttoipe errebueltaren inguruetan. Harrapatutako arrain horiek, gainera, etxera eramateko aukera izango dute txikienek.
Musika eskolakoak Likona dorrearen aurrean kantuan
Era berean, herriko beste altxorretako bat ere ez da faltako jaian: itsasoagaz lotutako kantu herrikoiak. Musika Eskolako zein Kantaize Orfeoiko kideak kantuan ariko dira herriko hainbat tokitan, eta ohikoa bihurtu den legez, Boga-Boga kantua abesten agurtuko dituzte eguerdiko ekimenak.
Antxoa Egune_Egitaraua
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.