Hainbat eragile, erabiltzaile eta kostaldeko herriekin gaia landu ostean, EH Bilduk Eusko Jaurlaritzak landu duen Portuen eta Itsas Garraioaren lege proiektuari osoko zuzenketa aurkeztu dio; horien ustez, “pribatizazioari ateak parez-pare irekitzen dizkiolako”. Hala, Legebiltzarrari eskatzen diote lege proiektua Lakuari itzultzea, “berriro idatzi eta aurkezteko”.
Ondarroako Egidazu kaia.
EH Bildutik azaldutakoaren arabera, “beharrezkotzat jotzen dugu euskal titulartasuneko prortuak erregulatuko dituen lege bat. Gobernu ezberdinen aldetik beste bi saiakera egin badira ere, gaur egun, modu zatikatuan arautua dago, horrek dakartzan zailtasunekin. Hala ere, lege proiektua aurkeztu den modura, ez da onargarria”. Maider Otamendi EH Bilduren legebiltzarkideak osoko zuzenketan jaso duenez, “ezin daiteke onartu zuzenbide pribatuko erakunde publiko bat sortzea bertoko portuak kudeatzeko. Zerbitzu eta azpiegitura publiko batzuen kudeaketa integralaz ari garen heinean, iruditzen zaigu administrazioak zuzenean kudeatu beharko lituzkeela, horretarako beharrezkoak diren bitarteko material eta pertsonalak jarrita”.
EH Bilduren ustez, Jaurlaritzak lege proiektu horrekin, “pribatizazioari ateak ireki gura dizkio”. Koalizioak “kudeaketa zuzena” posible dela uste du, eta hori jasotzea defendatzen du etorkizuneko balizko lege proiektu berri batean.
Oposizioko gainontzeko taldeek ere osoko zuzenketak aurkeztu dizkiote portuen lege proiektuari. Legegintzaldi honetan, babes faltagatik, Lakuak bertan behera utzi behar duen laugarren legea izango da portuena. Joan den astean, esaterako, Suteen Prebentzio eta Itzalketarako eta Salbamenduko zerbitzuen lege erretiratu zuten, eta iaz Euskal Administrazio Publikoaren legea. 2013an, berriz, aurrekontuen legearen aurreproiektua erretiratu beharra eduki zuten.