Saiñazio gestora: «Oso astiro doa beste etxebizitza bat eskaintzea»
Saiñazio mendi azpixan gestorak laguntza eraginkorragoa izan dadin eskatu du. Bere aldetik, aldundiak dio Ondarroako kaltetuak ez direla geratu «gizarte arloko babes barik»Kale gorrian geratu direla gogorarazi eta gorriak ikusten ari direnaren eraku...
Saiñazio mendi azpixan gestorak laguntza eraginkorragoa izan dadin eskatu du. Bere aldetik, aldundiak dio Ondarroako kaltetuak ez direla geratu «gizarte arloko babes barik»
Kale gorrian geratu direla gogorarazi eta gorriak ikusten ari direnaren erakusle, gorriz jantzita egin zuten agerraldia zapatuan, Ondarroako Saiñazio mendi azpixan gestorak. Eta egoerari buelta emateko, eraginkortasuna eskatu zuten.«Etxetik irtenarazitako familiei beste etxebizitza bat eskaintzea oso astiro doa. Apirilaren 15eko bileran udalak esan zigun Alokabidek maiatza bukatu arteko epea eman ziola guztioi erantzun bat emateko, alegia, ia hiru hilabete beharko zituztela. Bitartean, gure herrikoen eta ingurukoen elkartasunetik bizi gara, haien etxeetan, haien eta gure pazientzia jokoan jartzen», adierazi zuen gestoraren izenean Aiert Etxanizek.
Horri lotuta, esan zuten, Alokabidek apirilaren 22an hainbat komunikabideri emandako datuak 50 familia etxeetan sartuta zituela ez datozela bat beraien datuekin: «Apirilaren 28an ordezko etxebizitza bat hartuta 26 familia zeuden Ondarroan, eta beste 14 hemendik kanpo». Horregatik, Alokabideri eskatu diote jarrai dezala ordezko etxebizitzak bideratzen, eta utz ditzala kopuruak eta titularrak ekainaren hasierarako edota benetan lana amaitutzat ematen duenerako, larrialdi egoeran bizi direnen ezinegona aregotu besterik ez dutelako egiten halako titularrekin.
Kaltetuak ere ugari
Etxebizitzek jasandako kalte materialengandik harago joanda, kalte pertsonalez hitz egin zuten. «Pertsona asko gara, eta ezinegonak, ezinjakinak eta ezineginak jota gaude denok. Guztiok ditugu zailtasunak egoera larri honetara ohitzeko».
Kanporatutako familien artean ume asko daudela nabarmendu zuten, bai eta gaixorik daudenak ere, hondamendiak ahulago harrapatu dituenak, hain zuzen. Horregatik, komunikabideei eskatu zieten ez zabaltzeko kalte pertsonalik ez dagoenik.
San Inazio kalearen itxierak beste hainbat lekutan ere kalte batzuk eragin dituela gogorarazi zuen gestorak: «Lubakiaren atzean daude Kamiñazpikoak, irla batean moduan, Bizkaibus zerbitzurik barik bi hilabetean; baita Kamiñaldekoak ere, autoz ezin ailegatuta; gure kaleko denda eta negozietakoak, berriz, kale erdi fantasma batean itotzeko zorian». Ez zituzten aipatu barik laga beraien etxeak babestesko, mendian lurrak hartu behar izan dizkieten beste hainbat auzoko ere.
Laguntza, «denen» eskura
Bestalde, Teresa Laespada Enplegu, Gizarteratze eta Berdintasunerako foru diputatuak Bizkaiko Batzar Nagusietan astelehenean egindako agerraldian ziurtatu zuenez, Ondarroan inor ez da geratu «gizarte arloko babes barik», Ondarroako Udaleko zerbitzuekin eta Eusko Jaurlaritzagaz koordinatuta egindako beharrari esker.
Aldundiak gauzatu duen beharra defendatu zuen Laespadak, eta laguntza ematen hainbat zerbitzuk parte hartu dutela nabarmendu zuen. Egindako beharren artean, «kaleratze, laguntza tekniko eta garbiketa beharra, bizitzeko zentroak eta elikagaiak kaltetuen esku jartzea eta laguntza psikologikoa» aipatu zituen diputatuak.
Gaiagaz lotuta, oposizioko alderdiek gizarte arloko larrialdien organoa «ahalik-eta arinen» sortzeko eskatu zioten aldundiari, «legeak adierazten duen epe osoa bete arte itxaron behar izan barik»; hau da, abenduaren 25era arte itxaron barik. EH Bilduren ordezkariek salatu zutenez, oraindik ere etxebizitza barik dauden «40 familia baino gehiago» daude Ondarroan.