Herribusaren ordutegia aldatu dute, San Inazio itxita dagoela eta
Ondarroako Udalak Herribus zerbitzuan aldaketak egitea erabaki du. Aldaketak gaurtik aurrera indarrean jarriko dituztela iragarri dute.San Inazio kalea itxita dagoenetik Bizkaibus zerbitzua ez da Kamiñazpi eta inguruetara ailegatzen, eta han bizi dire...
San Inazio kalea itxita dagoenetik Bizkaibus zerbitzua ez da Kamiñazpi eta inguruetara ailegatzen, eta han bizi diren 3.500 bat biztanleei irtenbidea eman nahian hartu dute erabakia udal ordezkariek. «Kamiñazpiko herritarrak portuko autobus geltokiagaz lotzeko zerbitzu bereziak jarri ditugu martxan; batez ere, Galdakao-Usansolo ospitaleko autobusa hartu ahal izateko erraztasunak izatea hartu dugu kontuan», adierazi du Zunbeltz Bedialauneta Ondarroako alkateak.
Udal ordezkariek, euren aldetik, Bizkaibusa Kamiñazpin gelditzeko eskaria luzatu diete Bizkaibuseko arduradunei, baina ezezkoa jaso ostean, Herribus zerbitzua areagotzea erabaki du udalak. «Kamiñazpiko herritarren mugikortasuna garrantzitsua da udalarentzat, eta hori bermatu dadin beharrean jarraituko dugu».
Lehenengo orduetan
Berritasunei dagokienez, goizeko lehen orduetan zerbitzu berezia egongo da. Zehazki esanda, Ibaiondo, Antsosolo eta portua lotuko dituen ibilbidea egingo du autobusak 07:00etan, eta baita 07:20ean ere. Horrez gain, Ibaiondo eta Artabide arteko ibilbidea beteko duen autobusak 07:50ean egingo du zuzenean lehenengo irteera, Antsosolon geldituta bakarrik.
Aldaketa horiez guztiez gain, arratsaldean zerbitzu orduak zer edo zer murritzagoak izango dira. Azken autobusa 20:30ean ordez, 19:00etan izango da; autobus horrek Portutik Ibaiondorako ibilbidea beteko du. Zapatuetako zerbitzuari dagokionez, ez dago aldaketarik.