Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari ekingo diote gaur
Udaleko eta eskualdeko teknikari, aditu eta herri eragileak Lekeitioko Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerapenari ekingo diote gaur. Ondare kultural eta naturalari buruz, jarduera ekonomikoei buruz, etxebizitzari buruz eta hornidurei buruz eztab...
Udalak jakitera eman duenez, gaur egun indarrean dauden Arau Subsidiarioak edo HAPO 1992. urtean onartu ziren Herri Batasuna (HB) alkatetzan zegoela. Arauak zortzi urterik behin berrikusi behar dira. Baina, Lekeition, azken hogei urteetan hori ez dela egin zehaztu du udalak, «nahiz-eta aldaketa puntual ugari egin diren».
HAPO egiteko azken saiakera 2009-2011ko legealdian egin zela azaldu dute, baina azkenean ez zela gauzatu. Beraz, hurrengo zortzi urteetan aplikatzeko HAPO berri bat onartzeko garaia dela deritzo udal gobernuak.
Hori horrela, besteak beste, aurreko urteetan egin diren prozesu parte hartzaileetan jasotako informazioaz baliatuz, HAPOaren lanketan aurrerapauso bat eman nahi du udalak. «Horretarako lantaldean lan eginez, hainbat arloetako teknikari, aditu, herriko eragile eta jorratuko diren gaietan ezagupena daukatenek eztaibaidari ekingo diote».
Lantaldeek gaur hasiko diren eztabaida gune horietan adierazitako ekarpenak eta udalak aurretik egin dituen parte hartze prozesuetan jasotako informazioa ondorio-txosten batean batuko dute hirigintzan espezializatuta dauden profesionalek. Gero, udazkenean, txosten hori herriratu egingo da, eztabaidarako. «Lanketan zeharkakoak izango dira euskara eta genero ikuspegia, eta adostasun zabalera heltzeko asmoz abiatuko dugu berriro prozesua».