Lazkaoko (Gipuzkoa) kanporaketan egindako lan onari esker, etzi [maiatzak 14], Eusko Label Banakako Urrezko Aizkora XIX. Txapelketaren finalaurrekoan parte hartuko du Ugaitz Mugertza aizkolari mutrikuarrak.
Aizkora saioa Ataungo (Gipuzkoa) San Gregorio auzoko frontoian jokatuko da, 19:00etatik aurrera, eta finaleko txartela lortzeko ahaleginetan Mugertza II.ak honakoak izango ditu aurkari: Xabier Orbegozo
Arria V, Luis Txapartegi eta Jon Rekondo.
Ugaitz Mugertza, binakako urrezko aizkora txapelketan parte hartzen. Argazkia: Eneritz Albizu /Urola Kostako Hitza
Antolatzaileek jakitera eman dutenez, norgehiagoka
bi zatitan banatuta jokatuko da. Alde batetik, parte hartzaile denek kanaerdiko eta 60 ontzako enbor bana moztu beharko dituzte abiadura proban, eta hortik lortzen diren denboren arabera, jokatuko da hurrengo zatia.
Lehenengo sailkatuak azkenaren aurka ariko da, eta bigarrenak hirugarrenaren aurka neurtu beharko ditu indarrak. Bi talde horietako onenek, hain zuzen, lortuko dute finalerako txartela, zuzenean. Probaren bigarren zatiari dagokionez, launa enbor moztu beharko dituzte; bina kanaerdiko eta bina 60 ontzako.
Ugaitz Mugertza
Bestalde, egun berean,
Galdakaon beste finalaurrekoa jokatuko da. Bertan finalerako bi txartelak lortzeko ahaleginetan Aitzol Atutxa, Mikel Larrañaga, Eneko Otaño eta Julen Kañamares lehiatuko dira.
Txapelketako finalari dagokionez, egunez aldatu dela jakitera eman dute antolatzaileek. Aurreikusitako eguna astebete aurreratu da, eta hortaz,
maiatzaren 28an jokatuko da finala Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan.