«Israeldar askori ez die axola Palestinan gertatzen denak»
Palestina eta Israelen arteko gatazka amaigabearen berri bertatik bertara ezagutu nahi izan du Asier Arrate gernikarrak. Hara bidaiatu, eta hilabete bat egin du Palestinan eta Israelen.Gernikarra eta kazetaria, Palestinan egon da Asier Arrate (1989), b...
Palestina eta Israelen arteko gatazka amaigabearen berri bertatik bertara ezagutu nahi izan du Asier Arrate gernikarrak. Hara bidaiatu, eta hilabete bat egin du Palestinan eta Israelen.
Gernikarra eta kazetaria, Palestinan egon da Asier Arrate (1989), bertako errealitatea hurbiletik ezagutzeko. Jerusalemen eta Zisjordanian egon da. Belaunaldietan biolentzia eta okupazio besterik ezagutu ez arren, Palestinan bizi direnen berotasuna eta esku zabaltasuna isolaturik bizi den Israelgo gizarte modernoagaz kontrajartzen dela dio Arratek.Zergatik joan zinen Palestinara?
Arrazoiak ugariak dira. Aspaldidanik izan dut munduko eremu horrekiko interesa, eta bertako gertaerak jarraitu izan ditut beti hedabideetan. Kazetaritza ikasten hasi nintzenean horri buruz idaztea nuen helburu. Unibertsitatean, bestalde, arabiar eta israeldarren arteko liskarrei buruz ikertu dut. Zehazki, sionismoaren jatorria, horren oinarri teorikoak, praktikan jartzeko moduak eta guzti horrek gaur egungo egoeran daukan eragina. Ikerketa bide horretatik jarraitzea dut helburu. Horregatik, liburuetatik kanpo, hango errealitatea bertatik bertara nahi nuen ezagutu.
Zure kontura joan zinen, nola prestatu zenuen bidaia?
Palestinan hango jendeagaz harrematzen nintzen. Arazorik ez dago bakarrik joateko, baina errazagoa da gida bategaz ibiltzea. Batez ere, hizkuntzarengatik, arabiera dakien norbaitekin mugitzea oso lagungarria delako. Beduinoekin egon ginenean, esaterako, gehienek ez zekiten ingelesez. Bestetik, bertako erakundeekin aritzeko eta jendea ezagutzeko aukera ere eman zidan. Nire kasuan, palestinarren egoera politiko eta soziala ezagutu nahi nituen; beraz, hainbat Gobernuz Kanpoko Erakundekin jarri nintzen harremanetan. Palestinarrak gehienbat, baina baita okupazioren aurka lanean ari diren zenbait erakunde israeldarrekin ere (Breaking the Silence, B´Tselem eta Ir Amin). Lo egiteko ere palestinar familia baten etxean geratu nintzen.
Komunikabideetan beti ikusi dugu Palestina herrialde gatazkatsu eta arriskutsu bat modura. Zelakoa sentitu zenuen zuk?
Okupaziopean bizi den herrialde bat da. Ez da arriskutsua, atzerritarrentzat, behintzat. Ez da gerra eremua. Palestinarrak, ahal duten moduan, ahalik eta bizi normalena izaten saiatzen dira. Palestinako Autoritate Nazionalak kontrolatzen dituen guneak edozein hiri bezalakoak dira. Hirietatik kanpo, ordea, Israelen kontrolpeko eremuak daude, eta aginte militarra dago. Ezin dira libreki mugitu, errepide batzuk baino ezin dituzte erabili, lurrak kentzen dizkiete, kolonoen mehatxupean bizi dira, atzerrira bidaiatzeko arazoak dituzte… Zerrenda amaigabea da. Gatazkak noski sortzen direla, baina pizten diren liskarrak okupazio horri erantzuna dira. Israelgo estatuak ezarritako apartheidak ez baitie inolako aukerarik ematen pertsonalki, pro- fesionalki edo sozialki aurrera egiteko, eta ia mende erdi daramate horrela. Belaunaldiak daude soilik okupazioa besterik ez dutenak ezagutu. Hebronen, adibidez, bere garaian hiriaren erdigune komertziala zena orain hutsik dago. Ni hara joan aurreko egunean hamalau urteko neska bat hil zuten militarrek, ustez labanagaz erasotzen saiatu zelako. Hara heldu nintzenean, oraindik goizeko protesten gas usaina zegoen. Gauean beste protesta bat egin zen, eta bideo batean ageri da militar bat gurpildun aulki batean dagoen palestinar bat lurrera botatzen. Bi kasu horiek aipatu ditut, Euskal Herrian agertu zirelako hedabideetan. Baina beste asko ez dira heltzen.
Giro nahasi horretan nolakoa da gizarte Palestinarra? Gatazka horren erdian bizitza normala egitea posible da?
Ez daukate beste aukerarik. 1948an Nakbah edo hondamendia gertatu zenetik ez dute besterik ezagutu. Ez dute herrialde propio bat izan. 1967an Israelek Palestinako gainontzeko eremuak okupatu zituen, eta 1993an Osloko akordioek estatu bat eratzea zuten helburu. Hala ere, gaur egun oraindik okupaziopean bizi dira. Zisjordaniako parte txiki edo irla batzuen kontrola besterik ez du Palestinako Aginte Nazionalak. Askotan ezjakintasunak garamatza pentsaraztera beste mundu bat dela hura… Baina gu bezalakoak dira, gustu antzekoak ditugu, helburu berak.
Eta gizarte israeldarra?
Gizarte israeldarra, nolabait, guzti horretatik kanpo bizi da. Israelgo estatua herrialde oso garatua da. Hezkuntza, osasuna, industria… indartsuak dira. Irla batean bizi dira, inguruko herrialdeekin alderatuz. Tel Aviven, hondartzan egotetik autoa hartu eta ordu erdira, checkpoint bategaz egiten genuen topo. Bi mundu dira. Hori zeharkatu eta, bat-batean, harresiak, koloniak, militarrak… Israeldar gehienak ez dira jabetzen lurralde okupatuetan edo Gazan gertatzen denagaz, eta beste askori ez die axola. Ulertu beharra dago hainbat urtez Israelgo estatuak zabaldutako mezuek eta hezkuntza sistemak baita ere, banaketa eta palestinarrenganako ideia negatiboak zabaldu dituztela; alegia, urruntzea areagotu dutela.
Nabariak al ziren giza eskubideen urraketak?
Bai. Etengabeak dira lurralde okupatuetan. Harresia bera da adibiderik argiena, eta, era berean, sinbolikoena. Beste alde batetik, lurrak konfiskatzen dituzte, palestinarrak atxilotzen dituzte, miaketak, kanporaketak eta atxilotuen senideen etxeak suntsitzen dituzte, zigor bezala. Eskubideen urraketak hainbat eta hainbat dira. Esan bezala, ezagutzen duzun palestinar orok kontatuko dizu zerbait.
Kazetariek beharra egiteko askatasuna daukatela esango zenuke?
Bai, arraroa badirudi ere Israelgo Gobernuak ez du eragozpen handirik jartzen, PANek ere ez, ezta Hamasek Gazan. Bertan ezagutu ditudan kazetariek azaldu didatenez, baimena izanez gero edonon aritu zaitezke. Orokorrean, soldadu gazteak dira oztopoak jartzen dituztenak; hala ere, gehienei ez die axola. Beti ere, eurak grabatzen ez badituzu edota argazkirik ateratzen ez badiezu.
Harritu zintuen zerbait aipatzekotan, zer nabarmenduko zenuke?
Gauza asko, batez ere lurralde okupatuetan. Presentzia militarrak harritu egin ninduen, dena dago militarrez beteta. Bestalde, kolonoen kontua, esaterako, kolonia kopurua ikaragarria da. Zisjordaniako ia mendi tontor edo muino bakoitzean kolonia bat dago. Horietako asko kokalekuak baino, hiriak dira. Une honetan Zisjordania eta Jerusalem ekialdean 500.000 kolono bizi dira. Gainera, nazioarteko araudiaren arabera, kolonia guzti horiek legez kanpokoak dira. Hala ere, eraikitzen jarraitzen dute, eta Israelgo Gobernuak kontrakoa esan arren, laguntza logistikoa eta ekonomikoa eskaintzen die. Beraz, nire galdera da: Nola sortuko duzu estatu bat kontrolatzen duzun lurra koloniek eta horiek lotzeko errepideek banatzen badituzte? Mapa bat ikusita, Palestinako Aginte Nazionala, gaur egun, ehunka irla dira Israelek kontrolatutako itsaso batean. Baina dena ez da negatiboa. Izan ere, nabarmendu nahiko nuke palestinarren berotasuna. Ikaragarria izan zen. Joaten nintzen toki guztietan kafe edo te bat hartzera gonbidatzen ninduten, eta hitz egiten orduak pasatzen nituen. Oso eskuzabalak dira; ez dute askorik, baina dutena banatzeko prest daude beti.