Geoparkeko baleazaleak goiburupuean, Euskal Kostaldeko Geoparkeak aurten ere Europako Geoparkeen VI. Astea ospatuko du. Ekimena Europan egun dauden 69 geoparkeetan burutuko da aldi berean, lurralde bakoitzeko ondare geologikoa, naturala eta kulturala herritarrei gerturatzeko helburuarekin.
Eguenean [maiatzak 20] hasi eta maiatzaren 29ra bitartean, Mutrikun, Deban eta Zumaian hamaika ekimen antolatu dira, besteak beste: hitzaldiak, doako bisita gidatuak, argazki erakusketa, haurrentzako tailerra, Lasturko interpretazio gunearen inaugurazioa, Euskal baleazaleen triskantza dokumentalaren proiekzioak eta solasaldiak, Mendatako talaiara ibilaldi gidatua eta Kepa Junkera & Sorginak taldearen emanaldiak.
Geoparkeen Astearen aurkezpena, Mutrikun. Ezkerretik eskumara: Pedro Bengoetxea, Leire Barriuso, Jose Angel Lizardi eta Oier Korta.
Aurtengo egitaraua aurkezteko ekitaldia Mutrikun egin da gaur [maiatzak 17] goizean eta bertan izan dira Euskal Geoparkea osatzen duten hiru udalerrietako alkateak: Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkatea, Pedro Bengoetxea Debako alkatea eta Oier Korta Zumaiako alkatea. Haiekin batera izan da Leire Barriuso Geoparkeko arduraduna ere.
Barriusok aurkezpenean nabarmendu duenez, herritarrak Geoparkeen Astearen protagonista bihurtu nahi dituzte. “Geoparkeko biztanleei, haur, gazte zein helduei, parte hartzeko gonbitea luzatu nahi diegu”.
Baleazaleak gogoan
Geoparkearen Astean, gainera, aurten baleazaleak izango ditu ardatz nagusi. “Geoparkeko hiru herrietan baleazaleen aztarna gehienak aspaldi desagertu baziren ere, Mendatan (Itziar, Deba) talaia batean arrastoak aurki ditzakegu. Geoparkeak sustatua, indusketa lanak egin dira bertan Suhar Arkeologiaren eskutik eta bertan grabatu dira Euskal baleazaleen triskantza dokumentalerako zenbait irudi ere”.
Hain zuzen ere, Geoparkearen Astearen baitan, dokumentala ikusteko aukera izango da hiru herrietan; Mutrikun maiatzaren 25ean, 19:00etan, Zabiel Kultur Etxean egingo da dokumentalaren aurkezpena, eta proiekzioaren ostean, solasaldia egingo da Suhar Arkeologoia taldeko kideen batera. Gaian gehiago sakondu nahi dutenek, maiatzaren 28an, Mendatako talaiaren indusketara ibilaldi gidatua egiteko aukera izango dute.
Geoparkearen Asteak iraungo duen egunetan euskal kostaldean ateratako argazkiez osatutako erakusketa ikusteko aukera egongo da Mutrikuko Zabiel Jauregian
Era berean, Geoparkearen Asteak iraungo duen egunetan Itsas hondoen bizilagunak argazki erakusketa ikusteko aukera egongo da Mutrikuko Zabiel Jauregian. “Euskal kostaldean ateratako argazkiez osatutako erakusketa da, eta bertako itsas hondoen garrantziaz eta babesteko beharraren inguruan Geoparkeko biztanleak sentsibilizatzea du helburua”. Erakusketa Zumaiako Olarru-Sub elkartearen eta Elgoibarko Ur bizi taldearen laguntzarekin antolatu da.
Itsas tradizioari lotuta, gainera, Euskal ontzigintza eta ontziolak hitzaldia ere egingo da Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean, hilaren 24an, 19:00etan, Mikel Leoz Albaola Itsas Kultur Faktoriako kidearen eskutik.
Geoparkearen astearen aurkezpena
Bestalde, haurrek maiatzaren 27an Deban izango dute hitzordua. Agirre Jauregian, 17:30ean, zetazeoei buruzko tailerra egingo da, eta ondoren, Balearen bilamarrazki lehiaketa sari banaketa egingo da. Geoparkeak antolatuta, lehiaketa Zumaia, Deba eta Mutrikuko lehen hezkuntzako ikasleei zuzendu zaie balearen eta, oro har, beste espezie bizidunen ezagutza eta sentsibilizazioa sustatzeko.
Geoparkearen Astearen baitan, irteera gidatuak ere eskainiko dira. Horietako bat, Nautilus, flyscheko fosilak, Mutrikun egingo da zapatuan [maiatzak 21], 16:00etan. Egitarauari amaiera emateko, maiatzaren 29an, Geoparkeko interpretazio gune berriaren inaugurazioa egingo da Lasturren, bertako aterpetxean.
Geoparkearen Astea, egitaraua
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.