Borrokaren informazio panela jarri dute, Egixarren
1936ko urriaren 21eko borrokan miliziano eta gudariek Oruntzezabal inguruan zeuden Nafar Brigaden aurka burututako ofentsibaren inguruko informazioa biltzen duen panel informatiboa jarri du Ahaztuen Oroimena elkarteak, Egixarren. Domeka goizean egin zu...
Zulueta eta Intxaurbitxe inguruetatik Egixarreko soloko hormetaraino joan ziren parte hartzaileak, inguru hartan gertatutakoa bertatik bertara ezagutzeko. Ahaztuen Oroimena elkartekoek jakitera eman dutenez, EAE-ANVko Euzko Indarrak, UGTko Mateosek, Sasetako metrailadoreek eta Boga-Bogak parte hartu zuten ofentsiban. Borrokaldi horregaz, fronteko posizioak berreskuratzeaz gain, gerra lerroa egonkortzea lortu zuten gudari eta milizianoek. «Borroka hau, Jose Sagarna Uriarte Amulategin fusilatu eta biharamunean gertatu zen; borrokaldi horretan zauritu eta hil zen matxinatuekin bat egin, eta fusilaketa honetan zer ikusia izan zuen Arturo Molina komandante militar galiziar ezaguna».
Gurutzea
Elkarteak borrokaldi horren inguruan egindako ikerketen arabera, Fulgencio Mateos, Bilboko zinegotzi sozialista zauritu zen Egixarren, Xemeinera jaitsi ondoren Basurtoko ospitalean ebakuntza egin arren hurrengo egunetan hil zen. Bizkaiko milizia sozialisten burua zen.
«Ez dago argi zenbat hildako izan ziren borrokaldi horretan, baina hainbat gorpu geratu ziren Egixarre inguruan; horregatik Hildakoen lekua bezala ezaguna dute bertakoek».
Egixarre baserriko Jesus Salaberria egon zen elkartekoekin batera ekitaldian parte hartzen. «Bere aita zuhaitz batera lotu zuten frentea iristean, udazkenean, eta Egixarretik ihes egin behar izan zuten, Damukortara».
Elkartekoek azaldu dutenez, Jesus Salaberriak burnizko gurutze bat aurkitu zuen, Hildakoen lekuan, basoa garbitzen ari zela. «Orain, borrokaldi honegaz zerikusia izan dezakelakoan, berriztu eta aurkitutako lekuan jarri du gertatuakoaren oroimenean».