Artisau-arrantza eta arrantza iraunkorra bultzatzen duen Ondarroa 12 Milla plataformako kidea da Leo Belaustegi (Mutriku, 1950). Bermeoko Arrain Azokaren egitarauaren baitan,
Etorkizuna lantzen hitzaldia eskainiko du bihar [maiatzak 18], 19:00etan, Bermeoko Arrantzaleen Museoan. Bilakaera, gaurko egoera eta etorkizuna izango ditu hizpide.
Zein da Euskal Herriko arrantzaren egoera?

Leo Belaustegi.
Gerra aurretik, artisau-arrantza egiten zen gure kostaldean; gerra ostean, berriz, artisau-arrantza gutxitzen joan zen, eta industrializatzen hasi zen. Gero eta arte suntsitzailegoak erabiltzen hasi ziren, ingurasarea eta arraste-arrantza, hain zuzen. Arrantza sektorea, hortaz, indartzen joan zen, eta 70eko hamarkadan, portuek eztanda egin zuten. Hala, 15.000 arrantzaletik gora ginen, eta 1.500 itsasontzi baino gehiago zeuden. 80eko hamarkada, aldiz, gogorra izan zen. Espainia Europako Batasunean sartu zen, eta Europak izugarrizko murrizketak jarri zituen. 90eko hamarkada ere latza izan zen, Europak jarritako baldintza gogorren eraginez. 2000. urterako ontzidia berritzen hasi ginen, baina inolako arrantza politikarik barik egin genuen. Arraina gutxitzen joan zen, eta lehiakortasuna areagotu egin zen, inportatzen hasi zelako. Horrek guztiak gaur egungo egoerara ekarri gaitu, egoera benetan kezkagarrira. 2020. urtera arte iraungo duen arrantza politika berria etorri da Europatik. Besteren artean, ezin daiteke arrainik itsasora bota, deskarterik ezin da egin, arrainei erruntzen utzi behar zaie, eta arrain guztia porturatu behar da Europako baldintzen arabera. Horrez gain, gero eta ontzi gutxiago daude.
Zenbatekoa da beherakada?
Azken 25 urteetan portuek %75 itsasontzi gutxiago dituzte. Azken lau urteetan, Jaurlaritzaren datuen arabera, 51 itsasontzi desagertu dira, eta 500 arrantzale baino gutxiago daude gure portuetan. Ematen diren baldintzekin inork ez du itsasora joan nahi, hirugarren munduko baldintzak baitira.
Belaustegi: “Itsasontziak gaur egungo teknologia berrietara egokitu behar dira, eta emakumeei ere lekua egin behar zaie. Ontziak ez daude horretarako prestatuta”
Kanpotik arraina inportatzen al da?
Bai. Gure portuetara iristen den arraina ez da bertoko jantoki publikoetara iristen. Antxoa saldu ezinean daude Ondarroako portuan, eta daukadan datuen arabera, gure jantokietan ez da arrain hori jaten. Kanpotik ekarten dute. Izugarrizko arazo bat daukagu. Gure arrantza mantendu nahi baldin badugu, eta mantendu beharra daukagula uste dut, filosofia aldatu behar dugu. Arraina harrapatzeaz gain, balio erantsia ematen hasi behar gatzaizkio. Arrantzaleek, gainera, bizi baldintza egokiak eduki behar dituzte, gainontzeko langileek modukoak. Horiek ez daukate ez soldatarik, ez ordutegirik, ez oporrik… Jaurlaritzak ez dauka arrantza politikarik, beraz, hor sortzen da arazoa.
Zein litzateke irtenbidea plataformaren ustean?
Itsas bazterretik hasi eta 12 miliara, itsas eremu babestua izan beharko litzateke. Gune horretan, arrainari bere erruntze prozesua egiten utzi behar zaio. Arte suntsitzaileengandik galdu diren lehengo kalak berreskuratu beharko lirateke. Eta gure arrain preziatua gehiago merkaturatu beharra daukagu. Bestalde, gure kofradiek azpiegiturak behar dituzte arrainari balio erantsia emateko. Arrantzaleek urrutira joan nahi ez dutela jakinik, 12 miliako gunea eguneroko arrantzarako egokia litzateke; goizaldean atera eta arratsaldean bueltatzekoa. Hala, lehen portuetan egoten zen giroa berreskuratu ahalko litzateke. Era berean, gaur egungo teknologia berrietara egokitu behar dira itsasontziak, eta emakumeei ere lekua egin behar zaie. Ontziak ez daude horretarako prestatuta. Horretarako, gaur arrantza munduan gabiltzan agente guztiak batu behar gara, denon artean egoerari buelta eman ahal izateko. Ondarroa 12 Millakoak proposamen horiek gizarteratzen ari gara; gaur Bermeon egingo dugu.