Seme-alabak ludotekara eroan nahi dituzten gurasoek hilabete honetan eman behar dute izena,
maiatzaren 31an amaitzen baita izena emateko epea.
Ekainaren 27tik uztailaren 22ra umeek elkarrekin goiz pasa ederrak egiteko aukera izango dute. Hain zuzen ere, astelehenetik barikura bitartean, egunero lau orduko saioak egingo dituzte, 0
9:30ean hasi eta 13:30ak arte. Jolasak, kirola, abestiak, dantzak… ez dute aspertzeko astirik edukiko.
Email honetara mezu bat idatzita izena eman daiteke:
gurasoak@ispasterkoeskola.com. Umearen izen abizenak eta adina zehaztuta nahikoa dela jakitera eman dute.
Ludoteka hastean ordaindu behar da, eta horretarako kontu korronte zenbaki bat emango diete gurasoei.
Ispasterko eskolan ikasturtean jantokia den gelan bilduko dira umeak.
Berrikuntzak
Aurten, berrikuntzak izango direla aurreratu dute Ispasterko Guraso elkarteko ordezkariek. Egunero
ordu bete ingelesa lantzen ariko dira jolasekin eta fitxekin, eta era berean,
astean behin kontinente bat landuko dute. “Gure ustez begiraleek proiektu oso ona proposatu digute”.
Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako ikasleentzat da ludoteka. Eskolako ikasleek zein eskolan egon ez arren, udalerrian erroldatuta dauden umeek parte hartu dezakete.
Eskolako umeentzako 70 euroko prezioa ezarri dute, eta
gainontzekoek 90 euro ordaindu beharko dituzte.
Ispasterko guraso elkarteak hamargarren urtez antolatzen du udako ludoteka. Hala, urtero udalaren laguntza izaten dute, eta aurten, Eika kooperatibaren diru laguntza ere izan dute.