Ekainaren 2a arteko epea jarri dute proiektuak aurkezteko, eta urtero legez,
bakarka zein taldeka aurkeztu daiteke lehiaketara.
2015ean Lea-Artibai eskualdean enpresa berri bat zabaldu zuten herritarrak zein 2016an enpresaren bat martxan jartzeko asmoa dutenak aurkeztu ahal dira.
Aurten ere
hiru modalitate bereizi dituzte: Oinarri teknologiko edota berritzailea duten industria eta zerbitzuetako enpresak, kooperatiba izaera juridikodun enpresak, eta merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzuen alorreko enpresak. Lehenengo bi modalitate horietan 2.000 euroko diru laguntza jasoko dute irabazleek, beste modalitatean, ostera, 1.500 euroko diru laguntza emango zaio proiektu irabazleari.
Gainera,
kooperatiben kasuan, Busturialdeko, Durangaldeko eta Debabarreneko bizilagunek ere parte hartu dezakete.
Lehiaketan parte hartzeko izena emateko orria eta lehiaketaren oinarri eta informazioa guztia Azaro Fundazioaren eta Leartibai Garapen Agentziaren egoitzetan eta webguneetan daude:
www.leartibai.com eta
www.azarofundazioa.com.
Enpresa saridunek Lea-Artibaiko Berrikuntza Guneko enpresa-haztegian kokatzeko aukera izango dute. Horrekin batera, aholkularitza eta laguntza zerbitzua izango dute.
Sari banaketa Lekeition
Proiektu guztiak aztertu ondoren, ekainaren 18 egingo dute sari banaketa ekitaldia, Lekeition. Hain zuzen ere, egun horretan ospatuko dituzte Lea-Artibaiko Ekintzailetza Eguna eta Lea-Artibaiko Enpresa Berrien VI. Azoka.
Urtero moduan, Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak, Kooperatiben Mahaia Elkartearen laguntza izan dute lehiaketa antolatzeko.
Assets Management, Klin garbiketa zerbitzuak, Gau Argi gastrotaberna, Bixok mekanizatuak eta Arrigorri jatetxe eta ostatua izan ziren iazko irabazleak.