Aurtengo Kresala Egunak
kutsu berezia dakarrela nabarmendu dute Kresala Kultur Elkarteko arduradunek. Elkartea 50. urteurrena ospatzen ari da, eta urteurren jaialdia udazkenean egingo badute ere, zapatuko [maiatzak 21] Kresala Eguna udazkenera begira motorrak berotzen hasteko aukera aproposa dela diote.
Kresala Kultur Elkarteko kideek dena prest dute zapaturako, eta beste urte batez, herritar guztiak eurekin batera
dantzan egin eta gozatzera gonbidatu dituzte. Aurten, gainera, dantzariak eta trikitilariak batzeaz gain, bandako hainbat kide batzeko esperantza daukate elkarteko arduradunek. “Garai batean bandan ibilitako jendea eta orain dabizenak batu nahi dugu guretzako berezia den egun honetan”.
Kresala Kultur Elkarteko kideak
Deialdi berezia egin diete bandan ibilitako guztiei, eta hitzordua barikuan [maiatzak 20] ipini dute, 19:30ean, Unanue Udal Musika Eskolan. Bertan batzen diren musikariek entsegu berezia egingo dute zapatu eguerdiko kalejira berezia prestatzeko.
Egitarauari dagokionez, jaiari hasiera elkartearen egoitzaren (Artabide 23) aurrean emango diote, 13:00etan. Ohitura bilakatu den modura, elkarteko presidenteak ikurrina altzatuko du balkoian, eta han batutako dantzariek agurra egin eta gero, jaia ofizialki hasiko da.
Ikurrinaren igoera, iaz. Argazkia. Kresala Kultur Elkartea
Bandako kideek, txistulariek, trikitilariek eta panderojoleek lagunduta, Kresala Elkarteko dantzariak Artabidetik alde zaharrera kalejiran joango dira euskal folklorea herrirantz zabalduz. Kalez kale ohiko
hainbat dantza tartekatzen joango dira; Banakoa, Binakoa, Launakoa, Zortzikoa, Makil dantza…
Betiko legez, eguerdiko azken dantza saioa Itsasaurre Plazan egingo dute, eta, ostean, Antiguako Ama Elkartean batuko dira denak bazkaritan. Antolatzaileek iragarri dutenez, bertan parte hartu nahi dutenek aurretiaz eman beharko dute izena, Kresala Kultur Elkarteko batengana jota edo 635 722 999 telefono zenbakira deituta.
Larrain dantza, Musika Plazan. Argazkia: Kresala Kultur Elkartea
Ederto bazkaldu eta indarrak hartu ostean arratsaldean jaiari ekingo diote berriro. Kultur elkarteko egoitza aurretik irtenda, iparraldeko dantzak egingo dituzte kalerik kale, eta egunari amaiera emateko,
Larrain dantza egingo dute Musika Plazan. Aurten ere, plazan batzen diren guztiak dantzan ipini nahi dituzte elkarteko kideek. “Nahi duten herritarrek datozela gurekin batera dantzan egitera”.
Bestalde, urteurren berezia antolatu aldera, elkarteak argazki zaharrak batzen jarraitzen du. Elkarteak urteurrenaren harira liburu berezi bat argitaratu nahi du, eta norbaiten oraindik argazkirik ekarri ez badu, oraindik ere horretarako aukera izango du Kresalakoekin kontaktuan jarrita.
Egitaraua