Aztik Bermeoko itsas hondoaren doitasun handiko kartografia egin du
Aurkeztu duten mapak Matxitxako lurmuturra eta Ogoño bitarteko itsasbazterraren erliebea erakusten du. Zenbait arrantza eta aisialdi jardueratarako baliagarria dela dioteBermeo aurreko itsas hondoaren kartografia egin du Aztik, eta joan den barikuan a...
Aurkeztu duten mapak Matxitxako lurmuturra eta Ogoño bitarteko itsasbazterraren erliebea erakusten du. Zenbait arrantza eta aisialdi jardueratarako baliagarria dela diote
Bermeo aurreko itsas hondoaren kartografia egin du Aztik, eta joan den barikuan aurkeztu zuten Arrantzaleen Museoan. Mapak, hain zuzen, Matxitxakoko lurmuturra eta Ogoño bitarteko itsasbazterraren erliebea erakusten du, kostaldetik hasi eta 95 metroko sakoneraraino.Bermeoko portu ingurua ardatz hartuta, Izaro uhartearen itsaspeko konfigurazioa «zehazki» erakusten du, bai eta ere handik lurrera dagoen konexioa. Ikerlariek nabarmendu dutenez, gaur egun dagoen badiaren konfigurazioa garai batean oso ezberdina izan zen. «Orain dela 10.000 urte, gutxi gorabehera, gure arbasoak Santimamiñen bizi zirenean, Izaro lurrari batuta zegoen, eta kosta lerroa maparen mugetan aurkitzen zen», azaldu dute. Aurkeztu duten kartak erakusten du baita ere, plataforma kontinentala Matxitxakon estutzen dela, eta hondoak aldapa handiagoa hartzen du eta arinago iristen da abisaleko hondoetara.
Ikerlan horretan lortutako informazioa baliagarria da, gainera, itsas hondoak sedimentuen arabera sailkatzeko. Era berean, artisau-arrantzari dagozkien eremuak eta mota horretako arrantza egiten den itsas hondoen xehaketa geografikoa ere egin dute.
Webgunean
Adierazi dutenez, «itsas hondoen ezaugarriak zeintzuk diren jakitea oinarrizkoa da habitat ezberdinen banaketa ezagutzeko eta aurreikusteko, bai eta klima aldaketak horietan eta gure estuario eta hareatzen prozesu geomorfologikoak izango duen inpaktua ondorioztatzeko ere».
Aurkeztu duten materiala kalitate eta doitasun «handikoa» da, eta langungarria izango dela uste dute zenbait arrantza eta aisialdi jardueretarako; arrantza, urpekaritza, surfa eta kirol-arrantzarako, besteak beste.
Aztiren webgunean eskuratu daiteke Bermeon aurkeztu zuten mapa hori, tienda.azti.es helbidean, hain zuzen. Bermeokoaz gain, Bilbo, Donostia, Hondarribia eta Pasaiako kartak eskuratu daitezke.