Itsasgizon eta arrantzale izandakoek botako dute Gorpuzti jaien txupina
Itsasoagaz lotura izan zuten 30 bat herritar batuko dira txupinean, eta 'Boga Boga' kanta ezaguna abestuko dute. Gorpuzti eguneko mezan batuko dira, gaur eguerdianIbarrangeluko Gorpuzti jaien txupina barikuan izango bada ere, gaur, Gorpuzti egunean, me...
Itsasoagaz lotura izan zuten 30 bat herritar batuko dira txupinean, eta ‘Boga Boga’ kanta ezaguna abestuko dute. Gorpuzti eguneko mezan batuko dira, gaur eguerdian
Ibarrangeluko Gorpuzti jaien txupina barikuan izango bada ere, gaur, Gorpuzti egunean, mezan elkartuko dira ibarrangelutar fededunak, eguerdian. Mezatik irten ostean, trikiti doinuekin girotuko dute San Andres elizaren ingurua.Herriko itsasgizon eta arrantzale izandakoek jaurtiko dute txupina, bihar, 20:00etan. Izan ere, garai batean Ibarrangeluko etxe guztietan zegoen itsasoagaz lotura zuen senideren bat. «Gure herrian gehienak baserritarrak eta marinoak ziren, itsasoagaz eta arrantzagaz loturiko herria izan da Ibarrangelu, eta horretan zebiltzanak omentzeko ekitaldia izango da txupin jaurtiketa», zehaztu du Jesus Mari Ziluaga Ibarrangeluko alkateak. Esate baterako, orain dela urte asko Ibiña auzoan nautika eskola bat ere eduki zutela gogora ekarri du alkateak. Itsasgizon edota arrantzale izandako 30 bat herritar batuko dira txupina botatzeko, eta Boga Boga kantatuko dute.
Txupinaren ostean, tabernaz taberna kalejiran batuko dira, Ibarrangeluko Trikitixa Eskolako ikasleek gidatuta. Eta kalejira amaitzean, bertso poteoa egingo dute tabernetatik. Ander Elortegi gernikarra, Onintza Enbeita muxikarra eta Xabat Galletebeitia lekeitiarra ariko dira bertsotan herriguneko tabernetan.
Gauean, berriz, Kuklux txarangak edukiko du Eleizalde auzoa girotzeko ardura.
Zapatu eguerdiko poteoan ere ez da musikarik faltako. 12:30ak aldera, Bermeoko Erraldoien Konpartsagaz batera, buruhandiak, txistulariak eta gaiteroak ariko dira kalejiran.
Kontzertuak gauean
15:00etatik aurrera, herri bazkarian elkartuko dira frontoian. Antolatzaileek ahal dutenei baserritarrez jantzita bertaratzeko eskatu diete, giro «politagoa sortzeko».
Ohitura legez, bazkalostea erromeriagaz girotuko dute. Obieta eta Esteibarren musikagaz dantzan eta kantuan emango dute arratsaldea. Halaber, herriko gazteek antolatuta, gazteentzako diskoteka egongo da, kultur etxean.
Gauean, berriz, Versus eta Haitzama taldeen musikaz gozatzeko aukera edukiko dute bertako zein inguruko herritarrek.
Domeka goizean, herriko txistularien dianagaz esnatuko dira, eta 11:00etako mezaren ostean, Lorea dantza taldeko kideen emanaldia izango da San Andres elizaren aurreko plazan.
Arratsaldean, umeek ondo pasatzeko aukera ederra izango dute, puzgarriak eta bungee tranpolina jarriko baitituzte Ibaetan.
Hurrengo asteburua
Ekainaren 4ean egingo dute paella txapelketa. Arratsaldean, gaztetxoen esku pilotak eta pilota partidak ikusteko aukera edukiko dute frontoian. Eta iluntzean, mariatxi doinuak entzungo dira tabernetan.
Biharamunean, ohitura den legez, ibarrangelutarrek mendi martxagaz agurtuko dituzte Gorpuzti jaiak.