23 traineru uretaratuko dira V. Antiguako Ama estropadan
San Miguel ligako, KAE1 eta KAE2 mailetako trainerak lehiatuko dira, Ondarroan. Mutrikun, ostera, Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko da, bihar eta etziTraineru denboraldia hasteko aste batzuk falta badira ere, arraunlariek lehiaketarako prest da...
San Miguel ligako, KAE1 eta KAE2 mailetako trainerak lehiatuko dira, Ondarroan. Mutrikun, ostera, Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko da, bihar eta etzi
Traineru denboraldia hasteko aste batzuk falta badira ere, arraunlariek lehiaketarako prest daudela erakutsi ahal izango dute bihar, Antiguako Ama V. Trainera estropadan. Lehia 12:00etan hasiko da Ondarroako uretan, eta bertan, San Miguel ligako eta KAE1 eta KAE2 mailetako 23 ontzi batzea aurreikusten da. Horien artean izango dira Ondarroa, Isuntza, Mundaka eta Bermeo ere.Antolatzaileek aurreratu dutenez, estropada ordulariaren kontrako eran jokatuko da, eta traineruetako arraunlariek, hiru ziabogatara lau luze egin beharko dituzte; guztira, 3.500 metro inguru. Mailaren arabera, hiru txanda antolatuko dira: lehendabizi, KAE2 mailakoak uretaratuko dira (10 ontzi), gero, KAE1 mailakoak (7 ontzi), eta, azkenik, San Miguel ligakoak (6 ontzi).
Trainerilla onenak
Ondarroako traineruen estropadaz gain, Euskadiko trainerilla txapelketa jokatuko da Mutrikuko uretan, asteburuan. Bihar, 16:30ean, kanporaketak jokatuko dira, eta etzi, 11:00etan, berriz, finalak.
Kanporaketei eta finalari dagokienez, lau luze eta hiru ziaboga bete beharko dituzte arraunlariek, absolutu neskak, gizonezko gazte eta gizonezko senior mailetan, eta maila bakoitzean denborarik onena egiten duten lau trainerillek domekako finalean parte hartzeko aukera izango dute. Hurrengo lau sailkatuek, aldiz, kontsolazio txandak jokatzeko aukera izango dute.