Asteburuan Zamudiok 2.B mailara lortu duen igoerari esker, Aurrerako nagusien taldeak 2016-2017 denboraldian hirugarren mailan jarraitu ahal izango du.
Aurrerako jokalariak, talde teknikoa eta zuzendaritza taldea
pozik agertu dira albisteagaz. “Gure beharrak ondo eginda amaitu dugu denboraldia. Matematikoki jaitsiera postu zuzenak atzean lagata bagenituen ere, mailan mantentzea ez zegoen gure esku. Euskal taldeek lortu dituzten emaitza onek hirugarren mailan mantentzen lagundu digute, eta hori guretzat oso pozgarria da”, adierazi du Eladino Gonzalez klubeko presidenteak.
Aurrerako jokalariak gol bat ospatzen. Argazkia: Aurrera K.E.
Datorren denboraldiari begira oso ilusionatuta daudela ere nabarmendu du Gonzalezek, eta bere iritziz, “lasaiagoa” izango da. “Urte zaila izan da, baina lortu dugun esperientziari esker, datorren denboraldia lasaiagoa eta errazagoa izan daitekeela uste dugu”.
Bestalde, Aurrerak jakitera eman duenez,
Mikel Etxaburu Pixki-k ez du nagusien taldea entrenatzen jarraituko. Pixkik aurreko astean utzi zuen taldea, kargua hartu zuenean esandakoa betez, eta jokalarientzako eta zuzendaritza batzordeko kideentzako esker hitzak izan zituen. “Aurrerazaleei eta herritarrei bere esker ona erakutsi nahi izan zien, iaz gauzak ondo joan zirenean eta aurten gauzak hain ondo joan ez direnean ere taldeari eman dioten babesagatik eta laguntzagatik”.
Aurrerako talde teknikoa, partidu baten amaieran
Zuzendaritza batzorde berriaren eraketa laister egingo bada ere, datorren denboraldiko oinarriak jartzen hasita daude, eta hurrengo egunetan zabalduko dute nortzuk izango diren Aurrerako entrenatzaile berriak. Zuzendaritza taldeak azpimarratu duenez, aurrera begira talde teknikoa “indartsua” sortu nahi dute.
Era berean, Jokin Altzibar, Ander Garmendia eta Unai Urkiri jokalariek ere taldean ez dutela jarraituko iragarri dute. “Hirurak oso garrantzitsuak izan dira bukatu berri den denboraldian, eta Aurrerak eskerrak eman nahi die emanako guztiagatik”.
Klubak adierazi duenez,
taldea berregituratzeko beharrean hasita daude. “Mailan jarraituko dugula jakin ostean, orain fitxaketekin hasteko garaia da. Jokalari batzuk Berriatuko futbol taldean utzita dauzkagu, eta horien harremanetan jarriko gara ea taldera bueltatu nahi duten. Horrez gainera, gazte mailako taldeko jokalari batzuekin ere kontaktuan jarri nahi dugu, nagusien taldera igo nahi duten edo ez galdetzeko. Hori guztia jakin ostean, eta beharrezkoa baldin bada, kanpoan egingo ditugu fitxaketak. Hori bai, gure asmoa, taldea ahalik eta bertoko jokalari gehienagaz osatzea da”.