Kubike Aisialdi taldeak prestatutako udalekuetan parte hartu gura dutenek
ekainaren 10a arte dute izena emateko aukera.
Lea Ibarrako bost udaletan eta Amorotoko, Aulestiko eta Munitibarko eskoletan daude izena emateko orriak.
Halaber,
barikuan (ekainak 3) gurasoentzako batzarra egingo dute
Aulestiko udal aretoan, 18:00etatik aurrera. Bertan udalekuen inguruko informazio guztia azaldu eta bertaratutakoen zalantzak argituko dituzte Kubike taldeko kideek.
Gainera, orain arte legez
eskoletara ere hurbilduko dira haien proiektua azaltzeko, eta udalekuetan zer egingo duten kontatzeko, jolas eta kontu zaharren bitartez. Dagoeneko Munitibarko eskolan egon dira, eta ikasturtea amaitu aurretik Amotoroko eta Aulestiko eskoletara ere joango dira.
Udalekuak uztailean
Uztailaren 5etik 22ra egingo dituzte udalekuak
Aulestin, 10:00etan hasi eta 13:00ak arte. 2003-2012 urte bitartean jaiotako umeentzat dira (
2 urtetik 12 urtera bitarteko umeentzat).
Izen emateko orria aurkezteagaz batera, ordaindu dela egiaztatzen duen ordainagiria, eta osasun txartelaren kopia ere utzi behar dira.
Hiru astez ondo pasatzeko ekintza ugari egingo dituzte udalekuetan, eta urtero legez, zenbait irteera egingo dituzte: “Lea Ibarrako herri guztietara egiten ditugu irteerak, eta aurten, Mendexako herrigunera ere joango gara egun batean. Izan ere, orain arte Karraspiora joaten ginen eta aurten egun batean hondartzara joango gara, eta beste egun batean herrigunera”, zehaztu du Julen Antsotegi Kubike Aisialdi taldeko kideak.
Antsotegiren berbetan, herri txikiak indartzea da udaleku hauen helburu nagusietako bat: “Herri txikiak indartzea, haien izaerak indartzea da asmoa; herri txikietan bizi ahal izateko eta aisialdiaz gozatzeko nahia dugu, eta herri txikietako umeen arteko harremanak sortu eta sendotzeko helburua dugu”.
Informazio gehiago eskuratzeko edota zalantzak argitzeko, Kubike Aisialdi taldeko kideek honako telefono zenbakia jarri dute: 677 77 14 59.
Argazkia: Kubike Aisialdi taldea.