San Inaziokoak laugarrenez sartuko dira etxeetan
Atzo hasi eta ekainaren 17ra bitartean, San Inazioko bizilagunek beraien etxebizitza, trasteleku eta ganbaretan sartzeko aukera izango dutela jakitera eman du Ondarroako Udalak. Udal ordezkariek nabarmendu dutenez, egunero, astelehenetik barikura, atar...
Segurtasun baliabideak bermatzeko, udaltzain bat, udaleko teknikari bat, brigadako bi kamioneta eta topografoen zaintza bermatuko dituzte. Udalak adierazi duenez, kaltetuek laugarren aukera horretan «gauzak atera eta hozkailuak husteko» tartea edukiko dute.
Atzo, esaterako, San Inazio 57 atariko bizilagunen txanda izan zen, eta, gaur, 55 atarikoena izango da. Bihar, etzi, eta barikuan, berriz, 53, 51 eta 45 eta 49 atarikoen txanda izango da, hurrenez hurren.
Aurrekoetan egin modura, kaltetuek protokoloa zuzentzen ari direnei NANa erakutsi beharko diete beraien etxebizitzera sartu ahal izateko, eta gehienez, bi pertsona sartu ahal izango dira etxebizitzako. Azpimarratu dutenez, gainera, eskaileretatik igo eta jaitsi beharko dira bizilagunak.
Protokolo berezia
40B, 40C, 42A eta 42B atarien kasuan, ostera, protokolo berezia antolatu beharko dutela nabarmendu du Zunbeltz Bedialauneta alkateak.
Eraikin horiek eskailerak kaltetuta dituzte, eta kasu horietan larrialdi zerbitzuen laguntza derrigorrezkoa dela aipatu du alkateak. «Kasu horietan, larrialdi zerbitzuekin batera antolatu behar dugu etxeetara sarrera. Suhiltzaileen laguntzagaz gain, igogailuen teknikarien laguntza ere beharrezkoa da, eta horiek denak koordinatu eta mobilizatu behar dira. Bizilagun horiei euren etxebizitzetan sartu ahal izateko egunak eta orduak jakitera emango dizkiegu, lehenbailehen. Ez dakigu txanda honetan sartuko diren, edo beste txanda bat antolatu beharko dugun eurentzat bereziki».
Finantzazioa, mintzagai
Horrez gainera, hustutako lokalek ere premiazko gauzen bila sartzeko aukera ere izango dutela jakitera eman du udalak. «Zer edo zer ateratzea behar duenak gurekin kontaktuan jarri beharko du, eta gauzak ateratzeko ordua eta eguna emango dugu, ekainaren 17ra bitartean».
Bestalde, etzi, udal ordezkariak Bizkaiko Foru Aldundiaren ordezkaritza bategaz batuko direla jakitera eman dute, Kamiñalde mendi magalean egiten ari diren beharren finantzazioaren inguruan berba egiteko. «Ondarroako Udalak azken hilabetean foru aldundiagaz egingo duen bigarren bilera izango da eguenekoa. Batzarrean hitz egindakoa herritarrei jakinaraziko die udalak».