Uema osatzen duten udalerrietako ordezkariek zapatuko Batzar Nagusian bozkatu zuten Ziortza-Bolibarreko udalaren eskaera, eta baita Dimako eta Legorretako udalen eskaerak ere.
Beraz, hiru udalerri horiek gehituta, gaur gaurkoz 76 udalerrik osatzen dute Uema.
“Gure lekua hauxe da. Udaletxean sartu ginenean garbi eduki genuen euskararen arloan herri bezala gure lekua bilatzea ezinbestekoa zela. Herritarrek euskaraz egiten dute kalean, eta udalak ere euskaraz funtzionatzen du, baina, beste pauso bat emateko beharra ikusi genuen, eta hor kokatzen dira HITZArekin egindako hitzarmena eta Ueman sartzeko erabakia”, azaldu du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak.
Euskararen esparruan lan egiten duen jendearekin harreman zuzena izatea ezinbestekoa dela dio Garrok. “Gure eskualdea euskararen arnasgunea da eta gure herria zer esanik ez. Orain arte udal agintariek ez zuten Uema sartzearen beharrik ikusi, baina guretzat garrantzitsua da bertan egotea. Guk uste dugu hor kokatu behar dugula herria. Udalerri desberdinak batera egoteak esperientziak elkartrukatzea ere ahalbidetzen du, eta hori beti da aberasgarria. Herrian zein administrazioan euskaraz bizi daitekeela ikustarazteko aukera eskaintzen du Uemak”.
Alberto Garro (ezkerretik bigarrena) Dimako eta Legorretako udal ordezkariekin eta Josu Labaka Uemako lehendakariarekin, zapatuko Batzar Nagusian.
Ziortza-Bolibarren ia %92-koa da euskararen ezagutza, eta alkateak dioenez, biztanleen joera euskaraz egitea da, eta udaletxean ere euskaraz funtzionatzen dute. Hala ere, beti horrela ez dela izan gogora ekarri du: “Gogoratu behar da, orain dela 25 urte nahiz eta Ziortza-Bolibar herri guztiz euskalduna izan, askok eta askok udaletxera etorri, eta gazteleraz egiten zutela. Eta Uemak 25 urte hauetan demostratu du administrazioan ere euskaraz bakarrik egin daitekeela eta funtzionatu daitekeela”.
Uemak bi esparrutan lagunduko diela zehaztu du Ziortza-Bolibarko alkateak, batetik administrazioari begira, eta bestetik herriari begira: “Bide arloa definituta dute, eta teknikari bat etorriko da herrian euskarak duen egoeraren inguruko diagnosia egitera, eta horren arabera zein behar dagoen aztertuko dugu elkarlanean. Era berean, teknikariak udaleko funtzionamendua ere aztertuko du. Arlo horretan beste leku batzuetan baino lan gutxiago izango du, udalak ia ehuneko ehunean euskaraz funtzionatzen baitu”.