Markina-Xemeingo Atletismo Taldea, 5.a Euskadiko Txapelketan
Urrezko eta brontzezko dominak ere lortu ditu taldeak Zorrozan egindako norgehiagokan. Denboraldiaren balorazio «oso ona» egin dute taldearen arduradunekAtletismo denboraldiari amaiera bikaina eman dio Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak. Bigarren urt...
Urrezko eta brontzezko dominak ere lortu ditu taldeak Zorrozan egindako norgehiagokan. Denboraldiaren balorazio «oso ona» egin dute taldearen arduradunek
Atletismo denboraldiari amaiera bikaina eman dio Markina-Xemeingo Atletismo Taldeak. Bigarren urtez, Euskadiko Txapelketarako sailkatu da taldea, eta bosgarren postua lortu dute bertan. Horrez gain, urrezko eta brontzezko dominak ere eskuratu dituzte taldeko kirolariek, aurtengo denboraldiari amaiera biribila emanez.Joan den zapatuan lehiatu zen Zorrozan Euskadiko Txapelketa. Zortzi neskak osatu zuten Markina-Xemeingo taldea, bakoitzak proba ezberdinetan parte hartu zuelarik. Horrela, Sara Asenjok 80 metroko hesi lasterketan parte hartu zuen, Libe Arratek luzera jauzian, Izaro Larrinagak pisua jaurti zuen, Amaia Ugartek 80 metroko lasterketa egin zuen, Sofia Zacharovak 500 metroko lasterketa, Maixa Aspiazuk 1.000 metroko lasterketa eta Ane Antak altuera jauzia.
Horrez gain, 4×80 erreleboetan parte hartu zuten taldeko neskek: Ane Meabek, Sofia Zacharovak, Libe Arratek eta Amaia Ugartek.
Markina-Xemeingo Taldea ordezkatzen joan ziren atletez gain, taldeko beste bi kirolari ere egon ziren Euskadiko norgehiagokan. Denboraldian izandako emaitza onen harira, Bizkaiko Selekzioak Igor Jaio eta Saioa Telleria aukeratu ditu. Beraz, Bizkaiko Selekzioagaz jabalina jaurtiketan lehiatu zuen Jaiok, eta 3 kilometroko martxan Saioa Telleriak.
Trebezia handia erakutsi zuen Saioa Telleriak Euskadiko Txapelketan, eta podiumaren gorenera igo zen urrezko domina irabazita. Sofia Zacharova ere bikain aritu zen, eta beretzat izan zen 500 metro lasterketako brontzezko domina.
Emaitza onak
Ikasturte hasieran espero ez zituzten emaitza onak lortu dituztela adierazi dute Markina-Xemeingo Atletismo Taldeko arduradunek. «Iaz lehen aldiz lortu genuen taldeka Euskadiko Txapelketara heltzea, eta aurten errepikatu egin dugu». Hori dela eta, denboraldiaren balorazio oso ona egin du taldeak, eta Barroetako kirolgunearen onurak nabaritu dituztela aitatu dute. «Lehen entrenatzeko aukerarik ez genuen kirol batzuk prestatzeko aukera daukagu orain, eta gure atletak asko hobetu dira».