Ziortza-Bolibar Uemako kide da
Zapatuko Batzar Nagusian bozkatu zuten Ziortza-Bolibarko Udalaren eskaera. Hego Euskal Herriko 76 udalerri daude Udalerri Euskaldunen MankomunitateanZiortza-Bolibar Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Uemako udalerrietako ordezkariek zapatuan...
Zapatuko Batzar Nagusian bozkatu zuten Ziortza-Bolibarko Udalaren eskaera. Hego Euskal Herriko 76 udalerri daude Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean
Ziortza-Bolibar Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide da. Uemako udalerrietako ordezkariek zapatuan Leitzan (Nafarroa) egin zuten Batzar Nagusian bozkatu zuten Ziortza-Bolibarko Udalaren eskaera, Dimako eta Legorretako udalen eskaerekin batera. Hiru udalerri horiek gehituta, gaur gaurkoz 76 udalerrik osatzen dute Uema.«Gure lekua hauxe da. Udalean sartu ginenean argi geneukan euskararen arloan herri bezala gure lekua bilatzea ezinbestekoa zela. Herritarrek euskaraz egiten dute kalean, eta udalak ere euskaraz funtzionatzen du, baina beste pauso bat emateko beharra ikusi genuen, eta hor kokatzen dira HITZAgaz egindako hitzarmena eta Ueman sartzeko erabakia», azaldu du Alberto Garro Ziortza-Bolibarko alkateak.
Euskararen esparruan lan egiten duen jendeagaz harreman zuzena izatea ezinbestekoa dela dio Garrok. «Gure eskualdea euskararen arnasgunea da, eta gure herria zer esanik ez. Orain arte udal agintariek ez dute Ueman sartzeko beharrik ikusi, baina guretzat garrantzitsua da bertan egotea. Uste dugu hor kokatu behar dugula herria. Herrian zein administrazioan euskaraz bizi daitekeela ikustarazteko aukera eskaintzen du Uemak».
Udalerri desberdinak batera egoteak esperientziak elkartrukatzea ahalbidetzen duela eta hori aberasgarria dela nabarmendu du.
Ziortza-Bolibarren ia %92koa da euskararen ezagutza, eta alkateak dioenez, biztanleen joera euskaraz egitea da, eta udaletxean ere euskaraz funtzionatzen dute.
Hala ere, beti horrela ez dela izan gogora ekarri du: «Gogoratu behar da, orain dela 25 urte nahiz eta Ziortza-Bolibar herri guztiz euskalduna izan, askok eta askok udaletxera etorri, eta gazteleraz egiten zutela. Eta Uemak 25 urte hauetan erakutsi du administrazioan ere euskaraz bakarrik egin daitekeela eta funtzionatu daitekeela».
Uemak bi esparrutan lagunduko diela zehaztu du Ziortza-Bolibarko alkateak; batetik, administrazioari begira, eta bestetik, herriari begira: «Bide arloa definituta dute, eta teknikari bat etorriko da herrian euskarak duen egoeraren inguruko diagnosia egitera. Horren arabera zein behar dagoen aztertuko dugu elkarlanean».
Era berean, teknikariak udalaren funtzionamendua ere aztertuko du: «Arlo horretan beste leku batzuetan baino lan gutxiago izango du, udalak ia ehuneko ehunean euskaraz funtzionatzen baitu».