Eskolarteko olinpiadek ehunka ikasle batuko dituzte etzi
Bermeoko Udalaren Kirol Patronatuak eta Taraska Gazte zahar Atletismo taldeak antolatuta, eskolarteko XII. Olinpiadetan parte hartzeko aukera izango dute zapatuan ehunka ikaslek. Aurten, Araneko kiroldegian egingo dituztela azaldu dute antolatzaileek, ...
Eskolarteko olinpiaden helburua umeak atletismora hurbiltzea da, «modu dibertigarri batean, lehiakortasunik barik», esan du Gazte zahar atletismo taldeko kide Jon Iturbek.
10:00etatik 12:00etara batuko dira, beraz, zapatuan, izena ematen duten 6 eta 12 urte bitarteko umeak, eta atletismoko probak egingo dituzte. Pisu eta disko jaurtiketetan eta altuera eta luzera jauzietan zelako abilezia duten erakutsi beharko dute parte hartzaileek. Ariketa horiez gain, lasterketa bat ere gingo dute. Hala ere, korrika egin beharreko metroen kopurua adinaren araberakoa izango da.
Proba horiek guztiak egiteko lau gune jarriko dituzte. Lehenengo gunean, jaurtiketak egingo dituzte Lehen Hezkuntzako lehenengo eta bigarren mailetako umeek. Bigarrenean, altuera jauziak egiten ibiliko dira hirugarren eta laugarren mailetako umeak. Bosgarren eta seigarren mailetako ikasleek luzera jauziak lehiatuko dituzte, hirugarren gunean. Azkenik, laugarren gunean, krosa egingo dute parte hartu gura dutenek.
Amaieran, ura emango diete parte hartzaileei, eta domina eta kamiseta bana ere jasoko dute.
Boluntarioei deia
Bestalde, ekimen horretan lagundu gura duten pertsona guztiek aukera izango dutela azaldu zuen atzo Gizarte eta Kultura Etxean egindako aurkezpenean, Ana Uriarte Gazte zahar atletisko taldeko kideak. Boluntario izan gura dutenek kiroldegian eman ahalko dute izena, edota egunean bertan probak hasi orduko horretarako bereziki jarriko duten gune batean.
Eskolarteko olinpiadez gain, Kirolari Ateak Zabalik ekimenaren baitan, beste hainbat kirol erakustaldi izango dira herriko kaleetan asteburuan. Hala, zapatuan bertan, arte martzialen gunea egongo da Lamerako kioskoan, 11:30etik 13:00etara. Dantzen gunea 12:00etatik 14:00etara jarriko dute Lameran; line dance, areto dantzen eta gimnastika erritmikoaren saio zuzenduak eta erakustaldiak egongo dira. Domekan, berriz, 12:00etatik 14:00etara, eskubaloiaren txanda izango da.
Horietan guztietan, edozein herritarrek izango du parte hartzeko aukera: «Jolas-izaera daukate, eta parte hartzaileen maila fisikoaren arabera egokituta daude guztiak».