Mutrikuko
Burumendi mendizale elkarteak antolatuta, etzi [ekainak 5], Arnoko XII. Mendi lasterketa eta ibilaldia egingo dira. Antolatzaileek iragarri dutenez, oinezko proban 180 parte hartzailek eman dute izena, eta korrika, 84 lagun izango dira. Hala ere, mendi ibilaldian parte hartu nahi dutenek probaren egunean bertan izena emateko aukera izango dute, 07:30etik 07:50era, Goiko Plazan.
Korrikalariak Arnon gora, iaz. Argazkia: Burumendi
Ibilaldian parte hartuko dutenek
08:00etan irtengo dute Goiko Plazatik, eta lasterketako parte hartzaileek, ordea, 10:00etan aterako dira saltaka. Proba bateko zein besteko parte hartzaileek 22 kilometroko ibilbidea bete beharko dute. Goiko Plazara berriro iritsi aurretik, honako tokietatik igaro beharko dute, besteak beste: San Juan, Galbaixo, Apain, Arno, Ameikutz, Kostolamendi, Berrosasi, Pikupe, Galdona eta Santa Elena.
Jai giroan
Goiko Plazara iristean parte hartzaile bakoitzak kamiseta bana jasoko du opari, eta lasterketako lehen sailkatuen txapel banaketaren ondoren ere, hainbat sari zozkatuko dira guztien artean.
Antolatzaileek nabarmendu dutenez, gozatzeko mendi ibilaldia izango da. «Oinezko ibilbidea gozatzeko da, eta ez marka bat egiteko. Oinezko asko dena emanda joaten dira marka zehatz bat egitera, eta gero, ez dute egunarekin gozatzeko aukerarik».