Ailegatu da E5 [ekainak 5], euskal estatuari buruz iritzia eta botoa emateko eguna, eta azken hilabeteetako elkarlanak eman ditu fruituak. Herri galdeketa egiteko hautestontzia 09:00ak orduko jarrita zegoen frontoi zaharrean, eta herritarrek ez diote hutsik egin Gure Esku Dagoren deiari. 592 ispastertarrek izan dute gaur botoa emateko eskubidea. 14:30ean herritarren %49,6 ziren botoa ematera joandakoak; 17:00ak puntuan, %53,63 (316 boto emaile); 18:45ean, %59,6 (353 boto emaile). 19:00etan %60 gainditu da; 359 boto emaile eta %60,64ko parte hartzeagaz.  Zenbaketa osoa eginda, 351 baiezko (%93,10), 10 ezezko (%2,65), 2 baliogabe (%0,53) eta 14 boto zuri  (%3,71) jaso dira. Hautesleen %63,68k eman dute botoa (377 bozka). “Nahi duzu euskal estatu burujabe bateko herritarra izan? galderari erantzun diote guztiek.
Pozez hartu dute emaitza Ispasterko Gure Esku Dagoko kideek; pozez eta emozioz. Eskerrak eman dizkiete burubelarri lanean jardun duten guztiei, eskerrak eta zorionak ispastertar guztiei, parte hartzeagatik, emandako erantzunagatik.
Botoa ematen
Baina beraiek, Gure Esku Dagoko batzordekideek jaso dituzte eskerrik beroenak, txalo zaparrada eta “zorionak zuei” beroenak, erakutsitako konpromiso eta egindako elkarlanagatik.
Antolaketari, bikain
Berme Batzordekoen esanetan, “oso ondo antolatuta eduki dute herri galdeketa, eta protokoloa guztiz bete dute”. Aurpegi ezagunen artean, Iñaki Antiguedad Ispasterko Gure Esku Dagoren kidea: “Ispasterren badugu ingurukoei esateko zer egin; ikasgaia eduki dugu azken hilabeteetan, eta orain, irakasgaia edukiko dugu. Zaila da batzea, baina merezi du esfortzu hori egiteak. Kultura sozio-politiko berria behar dugu”, adierazi du. Dioenez, holako ekimenek balio erantsia daukate. “Garrantzitsua da jendeak botoa ematea, duda barik, baina garrantzitsuagoa da orain arteko eta hemendik aurrerako prozesua”. Etiketen gainetik, herritarrak gauza gehienetan adostasunera ailega daitezkeela uste du: “Ea gai garen iraganaren zamaren gainetik egiteko”. Horren harira, politika serioago bat egitea eskatu du Antiguedadek, sozialagoa.
“Zaila da batzea, baina merezi du esfortzu hori egiteak. Kultura sozio-politiko berria behar dugu”
Eta inguruan, giro ezinhobea. Eguzkia lagun, Lea-Artibaitik eta Busturialdetik etorri direnak asko izan dira; azken horiek oinezko ibilaldian egin dute plazan sarrera, beraien desioak jasotzen dituen pankarta bati eutsita.
Oinezko ibilaldian etorri dira Busturialdeko herritarrak, gehienak Eatik
Plazan bilduta zeuden ordurako ume, gazte zein helduak. Hiru adin tarteko herritarren arteko herri kirol ikuskizunaren inguruan; animo eta txalo artean egin dituzte neska-mutilek probak; azkenean, adin ertainekoek eraman dute lehen postua: 30-44 urte bitartekoek; gazte eta nagusienen artean norgehiagoka estua izan da; azkenean, baina, gazteak geratu dira bigarren.
14:00etan bertsolari eta alboka jotzaileen saioa hasi da, eta etenik barik jarraituko dute ekimenek gauera arte. Irribarre eta barre algarak eragin ditute Xabat Galletebeitia, Ander Elortegi eta Jon Aranok, entzuleen parte hartzeagaz. Eta txikienen gozamenerako, arratsaldeak umeentzako tailerrak ekarri ditu: eskulanak egin ahal izan dituzte, aurpegiak margotu… Puzgarririk ere ez dute falta izan. Blup! taldearen kontzertuagaz eman diote amaiera erabaki eskubidearen aldeko egunari.
Lea-Artibai eta Mutrikuko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa dugu. Egin zaitez HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.