Aurrerak jakitera eman duenez, Joseba Plaza entrenatzaile markina-xemeindarrak zuzenduko du 3. mailako taldea 2016-2017 denboraldian. Entrenatzaile berria datorren denboraldia prestatzeko lanekin hasia da Zaldupen.
Denboraldia amaitu eta mailari eutsi diotela jakin orduko egin diote eskaintza Markina-Xemeingo entrenatzaileari, eta Plazak baietz esan dio
proiektu berriaren arduraduna izateko eskaintzari. “Plaza iazko azaroan iritsi zen Zaldupeko aulkitxora, Mikel Etxaburu
Pixki-rekin batera taldearen gidaritza hartzeko, eta helburua lortu dela ikusita batetik, eta talde ondo ezagutzen duela kontuan hartuta bestetik, Aurrerako nagusien taldeko gidaritza hartzeko egokiena dela iruditu zaigu”.

Joseba Plaza, Aurrerako entrenatzaile berria
Era berean,
Plazari bere zereginetan laguntzen ariko direnak ere zehaztu ditu Aurrerak. Alde batetik, nagusien taldean jokatzeari utzi berri dion Ander Garmendia izango da Plazaren laguntzailea. “Aldagela eta entrenatzailea bera ondo ezagutzen dituenez, bigarren entrenatzaile lanetan aritzeko eskaintza luzatu dio klubak, eta onartu egin du”. Bestetik, Mikel Aramaio eta Mikel Santiso ariko dira, hurrenez hurren, prestatzaile fisiko eta atezainen entrenatzaile. Azkenik, azken urteetan aritu modura, Aiert Etxaniz izango da taldeko masajista.
Talde teknikoari dagokionez,
aldaketa gutxi aurkeztu ditu talde ondarrutarrak. “Aurrerako arduradunek iazko talde teknikoari jarraipena eman nahi izan die, azken boladako emaitzak eta taldeko giroa onak izan direla iritzita”.
Bazkideen ohiko batzarra
Bestalde, klub ondarrutarrak bazkideen ohiko batzarra egingo du ekainaren 17an, Kofradia Zaharrean. Asanblada orokorreko lehen deialdia 18:30ean izango da, eta bigarrena, ostera, 18:45ean. Batzarrean honako gaiak eztabaidatuko dira, besteak beste: 2015-2016 denboraldiko kontuen berri ematea, azken denboraldiko kirol balorazioa, zuzendaritza talde berriaren aukeraketa, 2016-207 denboraldiko aurrekontuen aurkezpena eta onarpnea eta datorren denboraldiko kirol proiektua.