Azkaratek irabazi du 26. Sabin Foruria Memoriala
Lau txirrindulariren arteko esprintean amaitu da aurten, Markina-Xemeingo 26. Sabin Foruria Memoriala. Iker Azkarate (Caja Rural-Seguros RGA), Isaac Canton (Infisport), David Civera (Aldro Team) eta Pascual Eusebio (Mutua Levante-Renault Gin) lehia biz...
Lasterketa hasieratik egon ziren ihes egiteko ahaleginak. Baina azkenengo bueltara arte ez zen ihesaldirik gauzatu. Helmugarako 15 kilometro inguru falta zirela ihes egin zuten lau txirrindulariek, eta 25 segundoko tartea atera zioten bide osoan euren gainean etorri zen 25 bat laguneko taldeari.
Maila handia
162 txirrindularik parte hartu zuten domekan Markina-Xemeinen lehiatu zen Lehendakari Txapelketako lasterketan, eta urtero modura, gazteen artean maila handia dagoela agerian utzi zuten. 103 kilometroko ibilbidea 40,13 kilometro orduko abiaduran egin zuten txirrindulariek. 70 txirrindularik amaitu zuten proba, errepidean dena eman ondoren.
Eskualdeko lehenengoarentzako saria Munitibarko Oskar Malatsetxebarriak eraman zuen. Lehen talde handian heldu zen helmugara Malatsetxebarria, 11. postua lortuz. Lehen talde handi horretan helmugaratu zen bai eta ere Txomin Juaristi markina-xemeindarra; 17. postua eskuratu zuen. Gaizka Sotil Fundacion Euskadi taldean dagoen Etxebarriko txirrindularia, berriz, 32. postuan geratu zen.
Taldekako saria, bestalde, Kantabriako Aldro Team taldearentzat izan zen. David Etxebarria taldeko arduradunagaz atera zen taldea jende aurrera, saria hartzera.