Mutrikuko Erraldoi eta buruhandien konpartsak antolatuta, Erraldoien eta buruhandien II. topaketa egingo dute zapatuan [ekainak 11] Mutrikun. Herriko konpartsarekin batera,
Bergarako eta Usurbilgo konpartsetako kideak etorriko dira herriko txokoak alaitu eta kolorez janztera.
Lehen topaketa orain bi urte egin zuten, eta orain,
esperientzia errepikatzea erabaki dute Mutrikuko Erraldoi eta buruhandien konpartsako kideek. “Duela bi urte Herrialde Katalanetako lagunak zetozela aprobetxatuta topaketa egitea egitea erabaki genuen, eta orain, herrian egon zen giroa ikusita, topaketa berriro egitea erabaki dugu”.
Mutrikuko Erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak, Malen jaietan
Zapatuko jaialdiari begira,
oso gogotsu daudela aitortu dute antolatzaileek. “Buruhandiekin irtetzen zuten asko erraldoiekin laguntzera pasa dira, eta buruhandiekin irtengo duten gazte berri asko batu ditugu aurten. Gazteak korrika egin eta puxikekin ipurdietan emateko gogotsu datoz; herritarrak saltaka egiteko prestatu beharko dira”.
11:30ean jarri dute eguneko lehen hitzordua. Herriko hiru tokitatik aldi berean irtengo dute hiru konpartsek. Mutrikuko konpartsako
Urtzi,
Mari,
Sorgina eta
Aker erraldoiek eta
Txotxolo,
Oker,
Alper eta
Txoro buruhandiek Komendu aurretik irtengo dute herriko txistulariekin batera. Usurbilgo taldeko kideak, aldiz, Samikollatik aterako dira trikitilariekin batera, eta azkenik, Bergarakoak dultzaineroekin irtengo dute Entzus inguruetatik.
Hiru konpartsak kalerik kale ibili eta gero, Goiko Plazan elkartuko dira. Denak batu ondoren, Beheko Plazarantz joango dira kalejiran. Antolatzaileek iragarri dutenez,
taldeka banatuta irtengo dute. Irtetzen lehenak mutrikuarrak izango dira, eta haien atzetik, hurrenez hurren, Usurbilgoek eta Bergarakoek irtengo dute. “Herriko ikastetxeetako LH5 eta 6ko 16 bat ikasle zapantzar jantziak egiten aritu dira, eta horiek ere gurekin batera aterako dira, estreinako, bidea irekitzen. Konpartsa batetik besterako irteeran bi bat minutuko tartea utzita ateratzeko asmoa dugu. Gehienbat, talde bakoitzak daraman musika beste taldekoenarekin ez nahasteko irtengo dugu txandaka”.
Erraldoi eta buruhandien konpartsako kideak topaketako deialdia egiten
Beheko Plazara iritsi eta han giraka eta bueltaka erraldoien gonak astitzen ibili eta gero, berriro Goiko Plazara joango dira kalejiran. Hantxe amaituko dituzte eguerdiko ekimenak, 14:00ak inguruan. Ondoren, hiru konpartsetako kideak eta musikariak Miruaitz frontoian egingo duten bazkarian batuko dira. “Guztira, 80 bat lagun batuko gara bazkaritan”.
Indarrak hartu ondoren, arratsaldean emango diote jaialdiari amaiera.
18:00etan, Goiko Plazatik hasita, Beheko Plazarantz joango dira kalejiran.