Ibilbide gidatua egingo dute domekan, Kalamuko frontean zehar
Maxen hil ziren Celta batailoiko Aguete anaien eta San Andres eta Saseta bataloietako gudarien senideek parte hartuko dute Ahaztuen Oroimenak antolatutako ibilbideanInguruko tontorrik altuenak 36ko gerra garaietan jasandako borrokaldi gogorrak gogora e...
Maxen hil ziren Celta batailoiko Aguete anaien eta San Andres eta Saseta bataloietako gudarien senideek parte hartuko dute Ahaztuen Oroimenak antolatutako ibilbidean
Inguruko tontorrik altuenak 36ko gerra garaietan jasandako borrokaldi gogorrak gogora ekarriko ditu domekan Ahaztuen Oroimena elkarteak, inguru haietatik ibilbide gidatu bat eginez. «Frontea egonkortu aurretik eta ondorengo zazpi hilabeteetan erasoaldi latzak izan ziren. Bereziki 1936ko abenduaren 26koa aipatu daiteke; testigantzek adierazten duten moduan San Esteban eguneko borroka».Maxeko posizioetan zegoen Celta batailoia, eta Ahaztuen Oroimenekoek aurreratu dutenez, egun horretan hil ziren Manuel eta Antonio Aguete Lino anaien senideek ibilaldian parte hartuko dute. «Horrez gain, haiekin batera fronteari eutsi zioten San Andres eta Saseta batailoi abertzaleetan jardundako gudarien senideak ere etortzekoak dira ibilbidera».
Postutik postura
Usartzatik abiatuko da ibilbidea 09:30ean. Hala eta guztiz ere, Barinagatik gora joatekoak direnak 09:00etarako Barinagako aparkalekuan elkartzea proposatu dute Ahaztuen Oroimena elkarteko kideek, «Usartzara ahalik-eta ibilgailu gutxien eramateko».
Usartzatik abiatu, eta gudariek posizioetara igotzeko sortutako bidetik Akondiako gaina izango da lehenengo jomuga. «Han, kokapenez gain, Gabon betean, San Esteban egunaren bezperetan Amuategikoek frankistekin egunkari trukea egiteko akordioaz eta urteetara jarri zuten gurutzearen jatorriaz jardungo dugu».
Garagoititik igaro, eta handik, frankisten aginte postu nagusia ikustea dute asmoa, Kalamuko lautik. Gorago, Eibarko Sozialistek eraiki zuten aterpetxea eta frontoiaren azken aztarnak ikusi ondoren, hegaletik, Diruzulo dolmenaren ondotik, parlamentutik igaro eta Maxeko posizioetara iristean bertako ezaugarrien azalpenak emango dituzte. «Kokapen hauetan Celtakoek eta Sasetakoek San Andreskoekin batera nola borrokatu zuten ulertu ahalko dugu; handik Kalamua gainera joko dugu, kokapen altuenak ezagutu eta poliki-poliki beheranzko bidea hartu eta Usartzara jaisteko».
Ibilbidea egin eta gero, bazkaria egingo dute Barinagan, 15:00etan.