Jendetza batu da Gorpuzti Jaien azkenengo asteburuan, Ibarrangelun
Domekan ehunka herritar batu ziren mendi martxan. Zapatu arratsaldean pala eta pilota partidak jokatu zituzten, Ibaetako frontoian. 16 kuadrillak parte hartu dute paella txapelketanGiro ederrean, jendetza batu da Ibarrangeluko Gorpuzti jaien azken aste...
Domekan ehunka herritar batu ziren mendi martxan. Zapatu arratsaldean pala eta pilota partidak jokatu zituzten, Ibaetako frontoian. 16 kuadrillak parte hartu dute paella txapelketan
Giro ederrean, jendetza batu da Ibarrangeluko Gorpuzti jaien azken asteburuan.Udalerriko auzoetan barrena 230 herritar inguruk egin zuten domekako mendi martxa. Ibilaldi luzea 22 kilometrokoa izan zen, eta laburra 8 kilometrokoa. Azken horretan, ume eta nagusi artean, 80 bat herritar batu ziren, ibilbidea familian eginez.
Besteak beste, partaideak Armendu (384 m) eta Atxarre (312) mendietatik pasatu ziren. Azken urteetako ohiturari eutsiz, Gorpuzti jaiei amaiera emateko, hankak luzatu eta izerdi apur bat botatzea tokatu zitzaien. «Giro oso ona eduki genuen. Ibiltzeko eguraldi ederra izan zen, goizean fresko egin arren, eguerdirako eguzkia berotzen hasi zen».
Zapatuko partidak
Beste alde batetik, zapatu arratsaldean, pilota eta pala partidez gozatzeko aukera eduki zuten Ibaeta auzoko frontoira joan zirenek. Lehenengo, umeen esku pilota eta pala partidak jokatu zituzten. Ibarrangeluko, Eako, Elantxobeko eta Gautegiz Arteagako umeek haien abilezia erakutsi zuten.
Lehen mailako afizionatuen mailan, Mikel Goñi eta Uriondo bikotea Uriona eta Larrinagaren kontra aritu ziren. Partidu lehiatua izan zen, eta azkenean, Uriona eta Larrinaga izan ziren irabazleak: 20-22.
Jendetza batu zen frontoian, batik bat lehen mailako afizionatuen lehia ikusteko gogoz, eta txalo eta animo oihu artean, giro ederra sortu zuten pilota zaleek.
Zapatuan egunpasa ederra egiteko aukera izan zuten Ibarrangeluko zein inguruko bizilagunek. Izan ere, goizean paella txapelketan elkartu ziren senide eta lagun artean.
Hamasei kuadrillak eman zuten izena goizean, baina bi talde denboraz kanpo ibili ziren, eta azkenean hamalau paella aurkeztu zituzten. Gozoena Ibiña taldeko paella zela erabaki zuen epaimahaiak.